Azpeitiko 1 zenbakiko instrukzio epaitegiak amaitutzat eman du Azkoitia Lantzenen kontrako bide penala. Ustezko fondo publikoen bidegabeko erabilera, iruzur eta dokumentu faltsukeria delitu batengatik ikertu dute. Eginbideaz arduratu den epaileak 2016ko apirilaren 7ko datarekin igorri zuen autoan esaten denez “… ekintzak ez dira inolaz penalki legez kontrakoak, eta ondorioz kausa artxibatzea da bidezkoa”.
Hain zuzen, jarraitzen du epaileak, “… autoetako dokumentazio guztiaren eta zehazki 2015eko urtarrilaren 23ko Estatuko Kontuen Auzitegiaren autoaren ondorioz, Azkoitia Lantzenen ekintzetan ez dagoela kontabilitate erantzukizunik. Beraz, ondasun publikoaren kontrako kalterik ez da egiaztatu”.
Azken hau ezinbesteko baldintza da fondo publikoen bidegabeko erabilera egon dela kontsideratzeko. Halaber, kalte ekonomikorik ez egoteak eta ondorioz, irabazi-asmorik ezak, ustezko iruzur delituarengatik irekitako ekintzekin jarraitzea galarazten du, Kode Penalaren 248. artikuluaren arabera. Azkenik, dokumentu faltsukeriari dagokionez, ez da egiaztatu.
Erresoluzio judizialak agintzen du, beraz, kausaren sobreseimendua eta artxibatzea. Eta ondorioztatzen du salatutako ekintzetan ez dagoela arau-hausterik.