Duela urte asko, asko, asko, mutikoa nintzela, amama arratsaldero joten zen arrosariora, eskuko Biblia, puntillazko eskularru beltzak eta arrosarioa hartuta. Errezatzeko erabiltzen zen bi katetxo itxi aledun eta gurutzedun eder-ederrak zeuzkan amonak, bat oso bitxia. Izan ere, ale soka hark argia islatzeko gaitasuna zeukan.
Lehen aldiz ikusi nuenean miragarria iruditu zitzaidan. Eskutik zintzilikatzeko eskatzen nion hobeto ikus nezan. Magia zen. Berde koloreko ale bakanak fosforeszentzia zeukan amonak sukaldeko bonbilla amatatzen zuen bakoitzean, inoiz huts egiteke, zerbait benetan miragarria baleuka legez eta irudimeneko begietan fedearen printza nigan pizten zen bitartean.
Nola edo hala, erlikia santu bat bezala maneiatzen zuen amonak; guri, umeoi, ez zigun ukitzen uzten. Debeku sakratua hura zintzo eta zorrotz betetzen genuen; argi misteriotsua, ordea, erakargarriegia zen niretzat. Behin, amona kanpoan zegoela isilka-misilka sartu nintzen bere gelara. Ohe-mahaiko tiradera ireki nuen eta arrosarioa idoro nuen, eskuko Biblia gainean, puntilazko zapi beltzean bildua.
Hatz dardaratien puntekin destolestu nuen zapia. Gelako atea eta leihoak itxi nituen gero, azken argi izpirik desagertu zen arte. Eta argitasun arraro hura baino ez zen ikusten gelan. Tiraderatik izpi berdeak irradiatzen ziren eduki erradiaktiboa balitz bezala. Gerturatu eta eskua luzatu nuen. Memento batzuk behar izan nituen, adorea aurkitu ezinean.
Argitasun misteriotsuari begira geratu nintzen gelako isiltasun ilunean, gauez izarrak behatzen diren antzera. Ez dakit zenbat denbora eman nuen, kontua zen ohartu nintzela arrosarioa pitinka-pitinka ari zela itzaltzen, iraungitzen, amatatzen. Nola? Zergatik? Argi berdea nondik zetorren nahiko misterio bazen niretzat artean nora joana zen ulertu ezinean nengoen.
Hartan, azken izpi berdea agondu zen nire ahurrean. Osoa egin zen iluntasuna. Beldurrak nire bihotzean taupatu zuen. Eta bat-batean, horretan, argia egin zen. Amona zen. Gelako atetik bertatik ulertu zuen dena. Txintik esateke hurbildu zitzaidan. Tinko egin zuen so nire begietako ikarara, eta ezkerreko begitik malko bat isuri zuen gero. Argirik gabeko arrosario gainera erori zen.
Juan Karlos Merino