Hernandez kazetaritza ikasten ari zen horretan hasi zenean: «Unibertsitatean ez genituen bideoak lantzen. Erabaki nuen nire kontura probatu nahi nuela nola zen bideoak lantzea». Aitzakia horrekin, «proba gisa» zabaldu zuen kanala. «Ondotik, esperientzia pila bat izan ditut kanalaren oihartzunari esker». Garciari txikitatik gustatzen zitzaion kamera hartu, eta bideoak grabatzea. Grabazioak mundura zabaltzearekin batera aldatu da harentzat egoera: «Kanala funtzionatzen ari dela ikusita, uste dut horrek lagunduko didala etorkizunean lan bat bilatzeko».
Gu ta gutarrak saioko kuxkuxero lanetan zabiltzate. Programak deitzeak ilusioa egin dizue?
J. H.: Punta Canatik [Dominikar Errepublika] iritsi nintzen egun berean, jet lag-arekin nintzela, Miramonen hautaproba bat egiteko deitu ninduten. Proba baino gehiago, bilera bat zen, saio honetan aritzeko. Sekulako poza izan da. ETBko albistegietan praktikak egin nituen, Bilbon, baina niretzat hau da benetako lehen esperientzia telebistan.
I. G.: Bai, ilusio handia. Ez nuen imajinatzen kuxkuxero izateko deituko nindutenik. Saioa hasieratik ikusi dut, eta hori abantaila izan da.
Gu ta gutarrak saioak baditu kritika batzuk, haren eduki arinengatik. Zer diozue?
I. G.: Gazte askok esaten dute: «Gu ta gutarrak kaka bat da». ETB1ek aurrerapauso izugarria eman du gazteentzako horrelako saio bat egiten, eta, gainera, arrakasta handi samarra lortu du. Ezin da denen gusturako egin, eta kritika onak zein txarrak daude, saio gehienetan bezala. Gazteek telebista euskaraz ikustea aurrerapauso handia da.
J. H.: Saioa bosgarren aldira iritsi bada, zerbaitengatik izango da. Gazteen artean lortu du audientzia, eta poztu nau.
Nola joan dira aurreneko egunetako grabaketak?
J. H.: Programa hasi aurretik, urduri nengoen. Baina oso ondo tratatzen naute; gauzak errazten dizkigute. Youtubeko espiritua telebistara eramaten saiatzen naiz, erronkak lehiakideei jarriz.
I. G.: Lurreratzen ari naiz. Orain arte kolaborazio txiki batzuk baino ez nituen egin. Telebistaren mundu honetara ohitzen ari naiz. Jendeak kanpotik imajinatzen duenaren aldean, oso ezberdina da telebista barrutik. Uste dut esperientzia baliagarria izango zaidala aurrera begira.