Iñigo Ucin azkoitiarra izango da Mondragon Korporazioaren presidente berria

Maxixatzen.eus 2016ko api. 15a, 14:39

Argazkia: MCC

Mondragon Korporazioaren Batzorde Iraunkorrak Iñigo Ucin (Azkoitia, 1960) Kontseilu Orokorreko presidente izendatzea erabaki du, aho batez. Iñigo Ucinek datorren abuztuaren 1ean hartuko dio lekukoa karguan Javier Sotili, azken horrek erretiroa hartu eta agintaldia amaitzen duenean.

 

Azkoitiarra Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Deustuko Unibertsitatean lizentziatu zen, eta Berrikuntzaren Kudeaketari buruzko master programa bat ere egin du, besteak beste.

Bere ibilbide profesionala Danobatgroupi lotuta dago, han hasi baitzen makina-erremintako Izarraitz enpresan finantza zuzendari lanetan, eta Giza Baliabideetako zuzendaria ere izan zen. 1998an, Danobat kooperatibako gerente izendatu zuten, eta, ondoren, 2012ko irailean, Mondragoneko Makina-Erremintaren Dibisioko lehendakariorde. Halaber, 2015eko ekainaz geroztik, kargu hori eta Industria Automatizazioko Dibisioko presidenteordetza bateratu zituen.

Horrez gain, gaur egun Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreko lehendakaria da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide