137 lasterkarik parte hartuko dute igande honetako duatloian

Maxixatzen.eus 2016ko apirilaren 14a

Datorren igandean, hilak 17, jokatuko dute Azkoitiko XVII. Duatloia, eta guztira 137 lasterkarik parte hartuko dute, 15 emakumezkok eta 122 gizonezkok. Horietatik hiru Azkoitri Triatloi Klubekoak izango dira aurten: Maider Oteiza, Jokin Sudupe "Pio" eta Ander Zubizarreta. Lasterketa goizeko 10:30ean hasiko da emakumezkoekin, eta gizonezkoak, berriz, 10:40ean abiatuko dira herriko plazako irteera lekutik. Sari banaketa lasterketa amaitutakoan hasiko dute, 14:00etan.

 

Ohiko moduan, korrikalariek lehendabizi 10 km-ko ibilbidea egin beharko dute lasterka herriguneko zirkuitu batean, guztira, 3,3 km-ko zirkuituari hiru bira emango dizkiote. Ondoren, 34 km egin beharko dituzte bizikletan, Zumarragara joan etorria eginez. Azkenik 4,5 km-ko ibilbidea egin beharko dute herriguneko zirkuituari bi bira emanez.

Bestalde, boxes gunea herriko plazan egongo da kokatuta, eta 09:30etik 10:15era egongo da zabalik, lasterketerako beharrezko materiala prestatzeko. Dorsala jasotzeko, berriz, herriko plazara bertaratu beharko dute parte hartzaileek, 08:15etik 9:45era. 

Dj Xabifestek alaituko ditu herriko kaleak igande goiz osoan zehar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide