Galdeketarako bidea marrazten

Maxixatzen.eus 2016ko api. 4a, 11:33

Erabakitzeko eskubidearen inguruko gogoetak, bakoitzak beretik, partekatzeko aukera izan zen larunbatekoa, gazte eta helduak mahai berean eserita. Batzarrak izandako parte-hartzearekin eta bertan bildutakoek egindako ekarpenekin pozik agertu dira sustatzaileak.

 

80 bat lagun batu ziren, larunbatean, Gure Esku Dago herri-dinamikak deitutako batzar irekian. Erabakitzeko eskubidearen inguruan gogoeta egin, eta horren inguruko galdeketa gauzatzeko bidea marrazten hasi ziren bertan bildutakoak. Informazioa herrian zabaltzea izango da aurreneko pausoa, eta horretarako, hainbat ekintza aurreikusi dituzte datozen hilabeteotarako.

Egitasmoaren sustatzaileek azaldu zutenez, abian jarri duten dinamika irekia da, eta elkarlanean gauzatu nahi dute. Horregatik, batzarrean bildutako herritarren iritziak eta proposamenak jaso zituzten, eta horiek lantzen hasiko da, orain, talde eragilea. Erabakitzeko eskubidearen inguruko gogoetak, bakoitzak beretik,  partekatzeko aukera izan zen larunbatekoa, gazte eta helduak mahai berean eserita.

2018ra bitartean ahalik eta herri galdeketa gehien egitea da Gure Esku Dagok eskuartean duen erronka.  Azpeitian egingo dute lehenengoa, ekainaren 12an; prozesua nola bideratu duten azaltzera etorri ziren Azpeitiko talde eragileko ordezkariak zapatuko batzarrera.

Azkoitian ere, helburu hori erdigunean jarrita, bidea ereiten hasi da talde eragilea. Hala, larunbateko bileran erabakitako ekintza-sorta hezurmamitzen hasiko dira datozen aste eta hilabeteotan, ahalik eta herritar gehienei mezua helarazteko.

Batzarrak izandako parte-hartzearekin eta bertan bildutakoek egindako ekarpenekin pozik agertu dira sustatzaileak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide