Bileran galdetegien emaitzak aurkeztu dizkie Udalak merkatariei, eta haiek egindako eskaera, iradokizun, eta abarretan sakontzen ahalegindu dira elkarlanean.
Lan taldeak osatu dituzte Iraurgi Berritzeneko Alazne Larrañaga eta Udaleko merkataritza saileko Kontxi Larrañaga eta euskara saileko Jasone Bilbao teknikariekin. Bileran parte hartu dute Miguel Angel Bastida, Sonia Vazquez eta Nekane Larrañaga zinegotziek ere.
Galdetegian hiru atal nagusi jorratu dira: merkataritza nola indartu, euskararen presentzia baloratu eta eskaintzen diren diru-laguntzak nola hobetu edo optimizatu.
Besteak beste, merkatariei galdetu zaie ea Udalak zer egin beharko lukeen herriko merkataritza indartzeko. Galdera horren aurrean, eskaerak askotarikoak izan dira: kaleak hobeto argiztatzea, azoka herriko plazan egitea, ekintzak auzoetara zabaltzea, kale animazioa areagotzea edota tasak jaistea proposatzen dute. Halaber, larunbat arratsaldeetan dendak ixtearen alde agertu da gehiengoa.
Udaleko euskara saila merkataritzan euskararen presentzia nola indartu aztertzen ere ari da dendariekin elkarlanean bide berriak urratzeko asmoz, izan ere, Euskara bai ziurtagiria ekimenak, esaterako, ez duela euskararen erabilera sustatzen adierazi dute merkatariek, eta, beraz, proposamen berriak landu nahi dituzte.
Diru-laguntzei dagokienez, berriz, informazio gehiago eskatu dute dendariek.
Prozesuari jarraipena emateko, proposaturiko ekintzak egingarriak diren edo ez, nori dagokion gauzatzea edota zer aurrekontu beharko litzatekeen aztertuko dute arduradunek.