Bizkargi Musika Eskola EMUSIK jaialdia prestatzen ari da Donostia 2016rako

Maxixatzen.eus 2016ko mar. 11a, 10:27

Azkoitia 26 herrialdetako 5.000 musikari hartuko dituen Emusik 2016ren, Europako Musika Eskolen jaialdiaren, egoitzetako bat izango da. Jaialdi hori aurten DSS2016ko egitarauaren baitan aurkeztuko da, Europako Kultur Hiriburuaren bueltan.

 

Bizkargi Musika Eskolak hilabeteak daramatza lanean Donostiko Musika Eskolaren proiektu honetan, bai antolakuntzaren lan-taldean eta bai eskolaren parte hartzea bultzatuz, Azkoitian maiatzaren 6an eta 7an eskainiko diren kontzertuetarako dena prest egon dadin. Europako eskoletako musikari eta dantzariek hartuko dute parte bi egun horietan Azkoitiko emanaldietan.

Aste honetan bertan Azkoitian izan dira Donostiako Musika Eskolako kudeatzailea Mikel Mate eta DSS2016ko prentsa arduradun Imanol Gallego. Bizkargiko zuzendari Marijose Arregirekin bilera izan dute ekimenari babesa azaldu eta lotu beharreko xehetasunak ixten joateko.

Emusik 2016 jaialdiaren inaugurazio kontzertua Illunbeko zezen-plazan izango da maiatzaren 6an. 9.000 musikarik hartuko dute parte. Haietatik 5.000 Europako herrialdeetako 160 musika eskoletatik etorriak izango dira eta beste 4.000 lagun, Euskal Herriko eskoletakoak. Azkoitiko Bizkargi Musika eta Dantza eskolatik, Dantza Taldea eta Gazteen abesbatzak parte hartuko dute, guztira 60 ikasle inguru.

Inaugurazio ekitaldia eta gero, maiatzaren 6an arratsaldez  eta 7an goizez, jaialdiaren egoitza bihurtuko diren udalerri ezberdinetan emango zaio jarraipena Emusik 2016 ekimenari.

EMUSIK 2016 jaialdiaren amaierako ekitaldiaDonostiako Zurriolan, Grosen, izango da maiatzaren 7an eta aurreikusitako ekitaldietako bat Euskal Herriko Musika Eskoletako eta egoitzetako  ikasleek osatutako Big Band bat izango da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide