Zuhaitz Eguna ospatuko dute datorren astelehenean

Maxixatzen.eus 2016ko mar. 11a, 10:30

Datorren astelehenean, martxoaren 14ean, Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako LH2ko haurrek fruta-arbolak eta zuhaixkak landatuko dituzte Baratza Parkean Udalarekin elkarlanean. Urteak daramatzate Azkoitiko ikasleek  Eskolako Agenda21eko proiektua garatzen. Proiektu honen bitartez, haurrek ingurumenaren gaia arlo desberdinetatik  landuz aldeko konpromisoak hartu eta eskaerak egiten dizkiete Udalari. Azken  urteko eskaera bat izan da herrian fruta arbolak jartzea eta ekintza honekin ospatuko da aurtengo Zuhaitz Eguna. Ekimena goizeko 9:15ean hasi eta 12:15ean bukatuko da.

 

2015eko udan Azkoitiko Udalak martxan jarri zuen Baratza Parkea. Bertan 65 lursail daude eta herritarrek horiek landuz biltzen dituzte bertako eta garaiko produktu freskoak. Baratze parkean fruta arbolak landatzea erabaki du Udalak eta herriko haurrekin partekatu nahi du ekintza.

Hori horrela, LH2 ikasturteko haurrei martxoak 14ean Baratze Parkean fruta-arbolak landatzeko gonbitea egin die.

Egun horretan taldeka banatu eta goizean zehar LH2ko haurrek fruta arbolak eta zuhaixkak landatuko dituzte. Baratza parkea ezagutzeko aukera ere izango dute, garai honetan dauden barazkiak ikusiz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide