Noiz hasi zineten mendian korrika?
UNAI BENGOA: Lasterketetan, duela zortzi urte inguru. Mendian ibiltzen nintzen, baina lehiatzen orduan hasi nintzen.
JOXELU ALBIZURI: Nik denbora gehiago daramat; lasterketetan hamazazpi urte dira jada. Suhiltzaile lanetan hasi nintzenean, aldizkari bat iritsi zen nire eskuetara, eta han irakurri nuen Aneton [3.404 metro, Aragoi, Espainia] lasterketa bat bazela. Mendian asko ibiltzen nintzen, eta hara joatea pentsatu nuen. Gaur arte.
Lasterketetara mendi martxetatik iritsitakoak al zarete?
J.A.: Bai. Garai batean, lagunekin martxa erregulatuak egiten nituen. Soldadutzatik bueltan, zerbaitetan hasi behar nuela pentsatu nuen. Parranda egiteaz gain, mendian hasi nintzen: lehenik oinez, gero azkarrago, eta, azkenerako, korrika.
U.B.: Gazteago nintzenean, mendiko bizikletarekin ibiltzen nintzen, baina, kirol garestia zenez, duatloietara pasatu nintzen. Orduan Euskal Herriko zirkuitua izaten zen. Geroago, triatloietan aritu nintzen, eta ironman batzuk ere egin nituen. Bigarren haurra izan nuenean, denbora gutxi izaten nuen entrenatzeko, eta berriro korrikari ekin nion. Mendian ere hasi nintzen, eta orduan egin nituen lehen mendi lasterketak.
Zein izan zen zuen lehen ultra lasterketa?
U.B.: Nirea, 2008an, Anetoko ultra. 64 kilometrokoa izan zen, eta anoa gunerik gabeko lasterketa antolatu zuten. Markarik ere ez zegoen, GR-ri jarraitu beharra zegoen. Hantxe elkartu ginen Joxelu, Imanol Aleson eta abar.
J.A.: Hiru Handiak, 100 kilometrokoa. Orduan martxa moduan egiten zen. Dena oinez egiten genuen, azkeneko kilometroak izan ezik. Erregulatua zenez, kontroletan gelditu beharra zegoen.
Nola entrenatzen zarete?
U.B.: Ahal den moduan. Ez dut entrenamendu finkorik. Eguraldi ona denean, bizikletan ateratzen naiz; txarra egiten duenean, ordea, korrika egiteko baliatzen dut. Astean lau edo bost egunetan irteten naiz.
J.A.: Nik, dudan lanagatik eta aukerarengatik, ez daukat derrigorran egin beharreko ezer. Gaur egiten ez badut, bihar egiteko aukera izango dut. Hala ere, lanegunen bezperan ez dut saio gogorrik egiten.
Beste kirolik egiten duzue?
U.B.: Bizikletan asko ibiltzen naiz. Triatloitik nator, eta horrek badu zerikusia. Orduan bizikletan denbora asko igarotzen nuen, eta oso gustuko dut oraindik. Oso kirol eskertua da, gainera.
J.A.: Nik ez; mendian ibili eta korrika egin.