Udalak eta Foru Aldundiak Azkoitia-Urretxu errepidea hobetu nahi dute

Maxixatzen.eus 2016ko mar. 3a, 18:49

Argazkian, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua eta Javier Zubizarreta alkatea.

Udala eta Foru Aldundia elkarlanean hasi dira Azkoitia-Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko. Proiektu berrian hirugarren erreia gehitzea aurreikusi dute, ibilbidea seguruagoa eta bidean eman beharreko iraupena motzagoa izan dadin.

 

Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak eta Udal Gobernuko hainbat zinegotzik bilera izan dute gaur udaletxean Bide Azpiegituretako Aintzane Oiarbide diputatua eta haren lantaldearekin. Bilera horretan Azkoitia-Urretxu GI-631 errepidearen inguruan hitz egin dute; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko idatzi baitu bere lehen zirriborroa proiektu horren inguruan, eta Udaleko lantaldearekin partekatu du.

Lanen kostu osoa Foru Aldundiak hartuko du bere gain, eta lurraldeko erakundeak ezagutzera eman duenez, 23 bat milioiko kostua izango dute. 

Zubizarretak eskerrak eman dizkio Foru Aldundiari "erakutsi duen inplikazioarengatik eta elkarlanerako gogoengatik": "Gaur gure herriarentzat eta azkoitiarrentzat horren garrantzitsua den obraren lehen dokumentua aurkeztu zaigu. Udalak, txosten horri hainbat ekarpen egingo dizkio, eta bi asteren ondoren Foru Aldundiari jakinaraziko dizkio Azkoitiko Udalaren iritziz proiektu horretan funtsezkoak diren proposamen eta ekarpen horiek. Guk obra horiek lehenbailehen hastea nahi dugu. Azkoititik hasiko dira lanak, eta Udalak bere esku dagoen guztia egingo du GI-631 errepidearen hobekuntza proiektu guztia legegintzaldi amaierarako amaituta egon dadin".

Bihurguneak arinduko dituzte

GI- 631 errepide horrek trazatu bihurria du, izan ere, Urola ibaiaren ibilguari jarraitzen dio 13 kilometrotan, eta bihurguneetako batek 50 metroko erradioa du, besteak beste. "Arazoa da 13 kilometro horietan, trazatua eta zirkulazio intentsitatea kontuan hartuta, oso zaila izaten dela ibilgailu batek beste bat aurreratzea, eta, ondorioz, bide horretan ibiltzen diren kamioiek ezartzen dute abiadura", esan du Oiarbidek.

Proiektu berriarekin ibilbidea hobetu nahi dute eta, horretarako, ibilgailuak aurreratzeko hirugarren errei bat erantsi nahi dute. Modu horretan, "gaur egun dauden arazo nagusia konpontzeko asmoz". "Bidaiarien gaitasuna eta segurtasuna hobetzen dira, eta ibilbidearen iraupena murrizten da". Bestalde, lan horiek ez dute eraginik izango bidegorrian, ez eta Ibaieder–Barrendiola hodian ere, eta zenbait bidegurutzetan ezkerrerako biraketak hobetuko lirateela uste dute, segurtasuna hobetuz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide