Denbora luzean ibili zen neska baten atzetik; kuiak jaso arren ez zuen amore eman, harik eta beste batekin aldarean ikusi zuen arte. Horrela galdu omen zuen bizipoza gaztetan. Udaberriak joan udaberriak etorri, eta are mingarriagoa egiten zitzaion gizonari. Andrearekiko maitasunaren sua ez zen itzaltzen, eta suak berak bezala erretzen du. Begiak joaten zaizkio haren atzetik kalean topatzen duen bakoitzean. Egur zaharra, su txarra esaera ez da egia, behintzat, maitasun kontuetan.
Eta ez da gutxiagorako. Denborak ez du pittin bat ere zurbildu emakumearen edertasuna. Neuk ere amets egingo nuke bere bularrekin. Egun, bi seme-alabako etxekoandrea da. Esne-mamitan bizi izango zen krisi honek etxeko atea joko ez bazuen: enpresa itxi, paroko dirua bukatu eta zorrak pilatzen hasi ziren. Zer egin? Bada, bizitzan inoiz egitea espero ez zuena.
Aurki aditu zuen; sinestezina zirudien. Gizalege handiz kafetxo bat hartzera gonbidatu zuen eta galde egin zion. Horren azalpenak ematen ez zen oso ona izan. Irudimena eta bolaluma gehiago berotu beharko nukeen horretarako. Kontua da mutilzaharrak txeke bat luzatu ziola andreari, zorrak kitatzeko lain, eta hark hura ukatu egin ziola.
Ezagunak galdetu zion ea zer egin zezakeen zuen zama arintzen laguntzeko. Hori, zoritxarrez, ez zen txakurraren gauerdiko ametsak. Emakumeak bazekien maitemindurik jarraitzen zuelako eskaintzen ziola dirua; bazekien laguntzearren edozer egiteko prest zegoela, hots, ez zuela atzera egingo.
Hurrengo hilabetetan saiatu zen berriro. Txekea bi puzketetan itzultzen zion beti. Ez dut zehaztasunik nola adostu ziren plana estreinakoz. Azkenik, andreak berak tratua eskaini zion unetik munduko gizonik zoriontsuena bilakatu zuen. Esan gabe doa hirugarren aldian musu truk egin ziola, Juan de Balde aspaldi hil zen arren.
Doan egiten zidak, horrela laburbildu zidan bere poza. Horrela kontatu eta esan nahi nuen nik, krisi orotan legez, toki askotan bezala, hemen ere etxekoandre batzuek prostituziora jo dutela krisiari aurre egiteko. Eta herrian tabu bilakatu den gaia bada ere (prostitutak atzerritarrak direla pentsatu ohi dugu; krisiak ez ditu koloreak bereizten, ordea), gizalegez galdetu edota Interneten bilatzen dakitenek herriko Maria Magdalenen zerbitzuak alokatzerik dute.