17:00etan, desafio bitxi bat egingo dute Joxe Jabier Lorenzo korrikalari ohiak eta Martitteko Itzederrek: Joxe Jabierrek Azkoitiko gasolindegi aurretik irten eta Martitteko plazara iristerako, Itzederrek Martitteko plazan hiru enbor kana erdiko ebaki beharko ditu.
Ondoren, herri kirol erakustaldia izango da. Honako kirolari hauek ariko dira:
Aizkoran, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi "Uzin Txikia" ariko dira, eta harri jasotzen, berriz, Goenatxo III, Martin Mendizabal eta Xabier Aranburu "Gusta".
Herri kirolak eta gero triki poteoa izango da afal ordura arte. 20:30ean jarri dute afaltzeko ordua, eta afaltzera bertaratu nahi duten guztiek aurrez honako telefono zenbaki honetara deitu beharko dute: 620 856 765. Afariko menua, berriz, honako hau da: arrautza nahaskia, burruntzian erretako arkumea entsaladarekin, postrea eta kafea. Afariaren prezioa 30 eurokoa izango da.
Afal ondoren, erromeria egongo da Kupela taldearekin.
Eta, azkenik, goiz aldera baratxuri sopa egongo da nahi duten guztientzat.