Gipuzkoako udalek aurreikusitakoa baino 7,4 milioi gehiago jasoko dituzte 2015ean Udalak Finantzatzeko Foru Fondotik, pasa den urtean funts honek izandako %1,7ko hazkundeari esker. Guztira, 437 milioi. Honen arabera, Foru Fondoak 2014ean baino 19 milioi euro gehiago ditu 2015ean, %4,32 hazkundea alegia. Hauetatik, 750.000 euro Urola Kostako udalerriei dagozkie.
Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, 2015eko likidazioaren berri eman zien Gipuzkoako udalerrien ordezkaritzari joan den astelehenean Donostian izan zen Gipuzkoako Finantzen Kontseiluaren baitan. Udaletxeek aurreikusita zeukaten 429,5 milioien ordainketak 2015ean zehar jaso zituzten, eta 2016ko otsailaren 25ean jasoko dute aipatutako 7,4 milioiko gainsoldata.
Udalen finantzaketarako funtsaren banaketa era horizontalean egiten da, udalerri bakoitzak duen pisuaren arabera. Hori dela eta, Urola Kosta eskualdeko herrien kasuan, Zarautz da ekarpen gehigarri handiena jasoko duena, 228.000 euro hain zuzen. Azpeitiak eta Azkoitiak, bere aldetik, 147.000 euro eta 116.000 euro gehiago jasoko dituzte, hurrenez hurren.
Larrañagak datuaren irakurketa baikorra egin du eta Gipuzkoako udalentzako albiste ona dela nabarmendu. Hala ere, "zuhurtzia" eskatu die tokiko administratzaileei, "nazioarteko eszenatokian dauden ziurgabetasunak horretara behartzen gaituztelako". "Eskura ditugun baliabideei ahalik eta etekin gehien atera eta gure erakundeen jasangarritasuna bermatzeko garaia da", azpimarratu du Larrañagak, eta zentzu horretan lan egiteko eskatu die udalei.
Udalerria Aurrekontua 2015 Likidazioa 2015 Likidazio saldoa
Azkoitia 6.730.173,16 6.846.370,92 116.197,76