Iraurgi Berritzenek Urola Erdia eta Beterri eskualdeetan berrikuntza soziala lantzeko proiektua jarri du martxan, Donostia-Beterri eskualdeko udalekin (Beterri) eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean. Urberritzen izena jarri diote Urola Erdia eta Beterri eskualdeetan ikuspegi sozialetik berrikuntza bultzatzeko prozesuari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoari esker gauzatuko da.
Urberritzen egitasmoaren helburu nagusia da Urola Erdia eta Beterri eskualdeetako eragileen berrikuntza sozialerako gaitasuna handitzea eta eragileen arteko artikulazioa hobetzea, etorkizunean eskualdeko erronka sozialei erantzun propioagoak eta egokiagoak eman ahal izateko eta lankidetza-proiektu berriak sortzeko.
Proiektua otsailetik ekainera bitartean garatuko da. Otsailetik maiatzera, eskualde bakoitzak bere prozesua izango du, eta, maiatzetik aurrera, bi eskualdeek bat egitea da asmoa, eskualdeen arteko harremanak eta esperientziak landu eta partekatzeko.
Prozesu honek bi lan-eremu izango ditu Urola Erdian: batetik, eskualdean garatzen ari diren sei proiektu berritzaile ebaluatuko dira, Elhuyar Aholkularitzaren metodologia eta landu berri duen tresna digital bat erabiliz; bestetik, apirilean eta maiatzean, 2 lan-saio edo topagune antolatuko dira ebaluazio horien emaitzen berri eman, eskualdeko berrikuntza sozialaren gaitasunaz jabetu eta abiatzen ditugun proiektuen bidez sortzen dugun gizarte-, ekonomia- eta ingurumen- inpaktua hobetzeko helburuarekin.
Prozesua askotariko eragileekin osatu nahi da, aberasgarria izango baita arlo bateko eta besteko erakundeen ekarpenak jasotzea eta ikuspegiak eta esperientziak partekatzea. Horregatik, eskualdeko eragile guztiak animatu nahi ditugu prozesuan parte hartzera: enpresak eta ekintzaileak; gizarte zibil antolatuko elkarteak; udalak eta bestelako erakunde publikoak; hezkuntza- eta formakuntza-erakundeak; eta, oro har, gaian interesa duen edonor.