Xabier Gantzarain: "Kalostra ixtea erabakita zeukaten gurekin hitz egiterako"

Argia.eus 2016ko ots. 15a, 13:37

Orain urtebete jarri zuten martxan Kalostra Arte Eskola, Artelekutik gelditzen zena hartu eta artisten egungo eskakizunekin bat zetorren zerbait sortu nahian. Gipuzkoako Foru Aldundian agintea aldatzean, ordea, proiektua geldiarazi zuten, “Tabakalerarekin indarrak ez bikoizteko”. Prozesua errepasatu dugu bertako koordinatzaile izandako Xabier Gantzarain azkoitiarrarekin. Hona hemen Argiak egindako elkarrizketa:

 

Idazten duzu ‘Kalostra’ Googlen, eta arreta pizten dute lehen bi albisteek. Batak dio: “Arteleku ordezkatu du Kalostrak, artistentzako eskola esperimental berriak”. Besteak, berriz: “Foru Aldundiak Kalostra geldiarazi du, Tabakalerarekin indarrak ez bikoizteko”. Bi albisteen artean, bederatzi hilabete eskas. Zergatik izan du halako bizitza laburra?

Hasteko, Kalostraren kultur ereduak talka egiten duelako egungo agintariek daukatenarekin. Bestetik, hor dago joko politikoa, alderdien arteko borroka: proiektu bat Bilduk martxan jarritakoa bada, hurrena datorrenak geldiarazi egiten du. Eta hirugarrenik, diru kontuak ere aipatu dituzte, eta, noski, hortik ere izango zuen beraientzat. Benetan politika hor dago: batek erabakitzen duenean ixtea barrura begira harrobia sortuz lan egiten duen eskola bat, eta hor gastatu beharrean gauza ikusgarriagoetan gastatzea, ba tira, berak erabakiko du zerk ematen dion etekin gehiago. Kurtso bakarra egin genuen. Kuriosoena da, hala ere, Kalostra hain denbora gutxian desagertu dela. Artelekuk luze iraun zuen eta erreferentzia bilakatu zen, berriki irekitako Tabakalera erreferentzia da jada, eta urtebeteko gauza txiki bat erabat desagertu da, ez dago inoren iruditerian.  

Egin dezagun atzera. Zer testuingurutan sortu zen Kalostra?

Kalostraren sorrera baldintzatu zuen Arteleku zegoen eraikinaren egoerak. Arteleku Txomin-Enean zegoen. Donostiako Udalak abisatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari hirigintza-plan bat zutela auzo hartako uholdeak saihesteko, eta Arteleku botatzeko asmoa zeukatela. Era berean, hor zegoen Foru Aldundiak garai hartan Artelekuren inguruan zeukan iritzia –orduko kultur diputatu Ikerne Badiolak galdu antzera ikusten zuen Arteleku, “norabide argirik gabe”–. Baina ez da ahaztu behar testuinguru hori erabat aldatu zela Tabakalera proiektua azaldu zenetik. Azken urteetan mamu bat izan zen Tabakalera Artelekurentzat. Mamua diot, oraindik egikaritu gabeko ideia batek eragin zuzena zeukalako proiektu hartan, espektro batek bezala. Orduko leloa zen: “Arteleku izango da Tabakaleraren bihotza”. Baldintza horiek guztiek eragin zuten 2014an Foru Aldundiak erabakitzea Arteleku itxi beharra zegoela, eta, era berean, beste zer egin zitekeen pentsatzea. Hainbat artistarekin hitz egin zuen Foru Aldundiak, eta haiek garbi ikusi zuten azken urteetako joera batzuk alboratu eta oso bestelako eredu baten alde egin behar zela.

Zeintzuk ziren alboratu beharreko joera horiek?

Artelekuren sorreran oso tailer luzeak egiten ziren. Azkenaldian, berriz, gero eta laburragoak: bi egunekoak, astebetekoak... Artista horiek Foru Aldundiari esan zioten berriro eredu luzeago batera jo beharra zegoela, eta hor sortu zen Kalostra izango zenaren hazia. Lehiaketa publiko bat jarri zuten martxan, eta proiektu bat aurkeztu nuen nik, eredu luzeago hori nondik nora joan zitekeen biltzen zuena. Ez zen denbora kontua bakarrik, ordea. Bazen guretzat kontu garrantzitsu bat: ez genuen ikusgarritasuna bilatu nahi. Besterik da lan baten ostean edo kurtso amaieran egindakoa publikoari zabaltzea. Baina lan prozesuan zehar ez genuen inoiz argazkirik sareratzen, “hemen ari dira artista gazteak lanean” eta gisako mezuekin. Bestalde, egia da eraikinak ere –Alde Zaharreko Santa Teresa komentua– horretara bideratzen gintuela. Arteleku irekia zen, industriala, espazio zabalekoa. Hau, aldiz, askoz txikiagoa, espazio itxikoa, bestelako arkitektura batekoa... eta horrek proiektuan eragina izan zuen. Azkenean, sortu genuen norbere baitara bilduta egoteko espazio bat, erlijio hizkeran esateko. Izena ere –‘Kalostra’, klaustroari erreferentzia eginez–, hortik dator.

 

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Argia.eus-en.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide