Xabier Gantzarain: "Hiria 'turistizatzen' denean, herritarrak ere turista bilakatzen dira, prezioak ez dizkietelako aldatuko bertakoa izateagatik"

Berria 2016ko urt. 21a, 12:30

Donostia 2016 kultur hiriburutza proiektuaz, horrek sustatzen duen kultur ereduaz, izan ditzakeen indargune nahiz ahulguneez, eta kulturgintzari ekar diezaiokeenaz hitz egin du Berria egunkarian Xabier Gantzarain azkoitiarrak. 

 

Kanpora edo barrura, nora begira?

Nik ez nekien, eta begiratzen jardun dut ea noiz eta zertarako sortu zen Europako hiri bati urtebeterako kultur hiriburutza ematea, niretzat hor ere badagoelako kontua, zergatik eta zertarako sortu den. Uste dut modu bat dela, Erasmus bezala, Europa osatzen eta forma ematen joateko, bertako biztanleen joan etorria erraztuz, hizkuntza eta herrialde ezberdinen ezagutza... Baina esango nuke sorreratik baduela halako kontu bat oso markatua hiriaren marketinari edo markari, eta hor ikusten diot hankarik herrenena hiriburutzari.

Guk zer daukagu ematea Europari? Oso interesgarria da hori, baina buelta emanda, Europak zer nahi du gugandik? Edo nahi al du ezer gugandik, zain al dago geuk ezer emateko? Hori da nire kezka.

Nahi nuke haiek ere zerbait jasotzea, baina duda handiak ditut. Europarentzat 2016a iritsi da eta ondo joatea nahiko du, baina hortik aurrera ez dakit ezer geratzen den, ezer jasotzen duen...

Turismoaren ajeak

Zerbait tokatu zaizunean azaltzen duzun poz hori da espero duzulako horrek, hain promesa handia izanda, zerbait handia uztea hirian, bai azpiegitura aldetik, bai hirigintzan, diseinuan... Londresen zer gertatu da Olinpiadekin? Bazterreko auzo bat hartu zen behar ziren azpiegituren parte handi bat egiteko, eta auzo horretatik jendeak ihes egin du, ezin duelako bertan bizi. Donostia berez bada nahiko baztertzaile eta garestia...

Donostia 2016k barrurako funtzionatu behar du, baina badakizu, neurri batean, kanporako ere badela, eta kanporako den hori da, batez ere, jende gehiago erakartzeko hirira. Jakin nahi nuke Donostian turismoaren azken urteetako datuak zein diren. Hirian ibili den edonork badaki urte osoan, egunero dagoela turistaz beteta. Garai batean, udarakoa zen turista hotel batera etorriko zen, baina orain, urte osokoa bihurtu denez, gero eta agentzia gehiago dago eta bakoitzak gero eta etxe gehiago ditu turistei eskaintzeko; garai batean ikasleei edo langileei alokatuko zeniekeen etxea turistari eskaintzeko etxea bihurtu da...

Esan nahi dudana da nahiko nukeela datu hori ere egotea, 2016aren aurretik eta ondoren Donostian etxebizitzarekin zer gertatu den jakitea. Ez dut uste hiriburutzarena bakarrik denik eragina; turismoa mundu mailan lehen industria da egun, Donostiara bestela ere etortzen da, baina horrelako ekimen batek oraindik eta proiekzio handiagoa ematen dio. Ziur naiz gero eta turista gehiago etorriko direla, aurten eta hurrengo urteetan, eta horrek herritarren bizimoduan eragin zuzena du. Donostiako gazte batek oso zaila du bertan bizitzen saiatzea ere; horrek prezioak zenbat igotzen dituen gustura jakingo nuke.

Nire ustez Marina Garcesek oso ongi esplikatzen du, nolabait hiria turistizatzen denean ez dela soilik hiria turistizatzen, herritarrak ere turista bilakatzen direla, zeren prezioak ez dizkizute aldatuko bertakoa zarelako.

 

Irakurri erreportaje osoa Berria.eus-en.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide