Txantxangorriaren irudia erabiliko da administrazioan euskara naturaltasunez erabiltzera animatzeko

Maxixatzen.eus 2016ko urt. 19a, 10:03

Argazkian, Nekane LarraƱaga Euskara zinegotzia eta Jasone Bilbao Euskara teknikaria.

Administrazio publikoek, HAKOBA Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordearen bidez, hizkuntza zigilu bat sortu dute, irudiaren bidez, herritarrak euskara naturaltasunez erabiltzera gonbidatzeko administrazioarekin dituzten hartu-emanetan.

 

Hizkuntza zigilua sortu eta zabaltzearen helburua da euskaldunak aktibatzea, euskararen erabilera hedatzea eremu publikoetan eta erabiltzaileak animatzea gure hizkuntza indartzeko.

Helburu nagusia da herritarrei jakinaraztea irudiaren bidez erabiltzen duten administrazioek gonbidapena egiten dietela euskara normaltasunez erabiltzera.

 Zigiluaren irudia txantxangorria da eta ezagutarazteko kanpaina bat jarri da martxan. Azkoitiko Udalak bat egin du ekimenarekin eta txantxangorriaren irudia zabaltzen saiatuko da eraikin publikoetan eta udaletxean bertan irudia zintzilikatuz.

Azkoitiko Udala zigilua kaleratzen ahaleginduko da eta beraz, hemendik aurrera, txantxangorria hainbat tokitan ikusiko da.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez kanpaina datorren urtean ere jarraipena izango du esparru guztietara zabaltzeko xedez, hala nola, merkataritzara, industriara, aisialdira edota kulturara.

HAKOBA ondorengo erakundeek osatzen dute: Eusko Jaurlaritza, HPS, HABE, IVAP, hiru foru aldundiak,hiru hiriburuak, EUDEL eta UEMA. Hauxe da erabiliko den irudia:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide