Aurreko urteetan ere jaiotzako zenbait pieza lapurtu zizkietan, eta gerora, alboko zelaira botata bilatu zituzten. Aurten, ordea, den-dena eraman dute. Familiako kide guztien artean osatzen dute urtero jaiotza, eta Fernando Unanue da, batez ere, jaiotza jartzerakoan ordu gehiena ematen dituena.
Jaiotza jartzeaz gain, urtero, abenduaren 24ko Gabon Gaueko afariaren aurretik, auzoko beste familiekin batera prozesioan joaten dira Jesus haurtxoa eskuetan hartuta, eta jaiotzan ipintzen dute kandela-argi batekin.
Gertatutakoaren ondoren oraindik ez dakite datorren Gabonetan jaiotza jarriko duten ala ez. "Pena litzateke ohitura galtzea, hainbeste urtez jaiotza jarri ondoren. Gainera, badakigu jende askori gustatzen zaiola ikustea; egun batean 40 lagun ere bildutakoak dira jaiotzaren aurrean", azaldu du Urbietak.