Kasualitatea izan dela esan daiteke, inoiz ez baitzuen pentsatu tokatu zaion egoeran egongo zenik, baina bere jaioterri Azkoitiko Matadeixe proiektuan ikasi eta barneratutakoa Mexiko Hiriko Casa Galeria arte espazioan aplikatzen ari da Gorka Larrañaga margolaria (1974). Arte garaikidea, «aktuala» kudeatzeko, ekoizteko eta erakusteko 4.800 metro koadroko gune «ireki bat» zuzentzen du duela sei urtetik. Heldutasunaren eta gaztetasunaren arteko oreka eta esperimentazioaren, produkzioaren eta negozioaren arteko nahasketa sustatzen ditu, zuk zeuk egin filosofiaren printzipioak betez bere eskaintzan. Erakusketak, kontzertuak, errezitalak, antzerki emanaldiak, ikastaroak eta beste programatzen ditu, eta iruditzen zaio espazioak egina duela bere tokia hirian, nahiz eta erdiguneko arte galerietatik urrun dagoen fisikoki. «Underground-tzat jotzen da, baina komunikabide indartsuenetan ematen dute gure ekintzen berri. Xelebrea da…». Margotzeko denbora kentzen dio etxea kudeatzeak. «Halere, niretzat oso inportantea da hau. Artea egiteko beste modu bat da; beste era bateko koadro bat margotzea bezala, azken finean». Kudeaketatik ere gizartean eta arte sisteman eragin daitekeelakoan dago Larrañaga.
Naturak goitik behera blaitzen duen eremu batean dago Casa Galeria, sumendi harrien gainean eraikia. Espazioa, berez, Osvaldo Muñoz Mariño (1923) arkitekto eta akuarelista ekuadortarrarena da —«1970eko hamarkadan alde egin zuen hemendik, eta noizbehinka baino ez da bueltatzen»—, eta hiru zatitan banatuta dago. Batetik, etxebizitza eta galeria; bestetik, zelaigunea; eta hirugarrenik, bukatu gabeko bi eraikin, obra beltzeko espazioak deitutakoak, esku hartze artistikoetarako erabiltzen dituztenak. Ia une oro aditu daiteke txoriren baten kantua edo auskalo zein animaliak ahoratutako soinua. «Oasi bat da hiriko toki oso zatar batean. Lekua ikaragarri polita da, magikoa, oso-oso berezia». Santa Ursula Coapa auzoan dago, Mexiko Hiriaren hegoaldean, Azteca estadio mitikoaren ondoan.
Jarraitu artikulua irakurtzen Berria.eus-en.