Atsegina da Juan Mari Juaristi Atano XIII.a (Azkoitia, Gipuzkoa, 1956), eta elkarrizketa hasi aurretik gauza bat argi utzi nahi izan du: «Enpresei eta pilota munduari esker ona adierazi nahi diet. Garbi utzi nahi dut Roberto Garcia Ariño, Salva Bergara, Martin Alustiza eta halako jendearekin lan egitea luxu bat izan dela. Jende ona, zintzoa eta pilotari eta pilotei buruz asko dakiena, aditu?». Esana gelditu da.
Pilota hautatzaile kargua utzi duzu. Lasaiago bizi zara orain?
Bai, askoz, baina hutsune bat daukat. Hamahiru urtean [2003an hartu zuen kargua], egunero-egunero pilotekin gora eta behera ibili naiz, aukeraketa, partidak... Orain hori dut faltan, baina ohituko naiz.
Enpresekin ez zinelako akordio batera iritsi utzi duzu, ezta?
Bai. Enpresei esker ona adierazi nahi diet, harreman ona izan dugulako. Baina hiru urtetatik hona beherakada handia izan da baldintzetan. Ez bakarrik niri, intendenteei, langileei, pilotariei... guztiei. Orduan, eskaintza egin zidatenean, ez nuela segituko esan nien, baina azkenean onartu egin nuen. Oraingo honetan beherakada handiagoa izan da, eta iritsi da unea non gauza ona txarra baino gutxiago den, eta hor, «eskerrik asko guztioi, eta hurrengora arte».
Begira, nik pilotari asko zor diot, dirua eman dit, ateak ireki dizkit... Nire buruko minak ere pasa ditut, baina tira, banekien zertan sartzen nintzen. Dena den, pozik noa, onera utzi dut, eta ateak irekita daude. Enpresei eta Peñagarikanori esan diet, zerbait behar izanez gero, laguntzeko nagoela.