Udal gobernuaren lehentasuna garbiketa lanak areagotzea eta kaleei txukun eustea izan da. Bidez batez, zati handia erabiliko dute 2016an, argiteria hobetzeko eta kaleak eta espaloiak konpontzeko.
Hirigintza alorrean, berriz, "Azkoitiaren irudia kaltetzen" duen Idiakez-Ederra Etxearen egoerari soluzioa bilatzeko beharrezkoak diren gestioak hasi dituela azaldu du. Aldamioak erosi zituen Udalak, hilero 6.027 euro ordaindu beharrean, eta oraindik lanean ari dira irtenbidea bilatzeko alde pribatuaren eta erakundeen arteko esku-hartzean. "Ezin dugu egun batetik bestera soluzioa bilatu, baina bideratuta dagoen gaia da; eraikina esku publikoetara pasatzen bada, Idiakez Ederra Etxeak zer erabilpen sozial izan dezakeen aztertzen ari gara".
Bestalde, parke estaliaren proiektuaz ere hitz egin du, eta non kokatuko duten erabakiko dutela adierazi du.
Errepideei dagokienez, Udalak 225.000 euro bideratuko ditu 2016an baserri bideak konpontzeko. Horretaz gain, udal gobernuak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako bitartekaritza lana "erabakigarria" izan da Azkoitia-Zumarraga errepideko hobekuntzak haren kudeaketa planean sartzeko. "Aurki, proiektuari buruzko xehetasun zehatzak emateko moduan izango gara, Aldundiko arduradunekin batera, Aldundiari dagokiolako proiektuaren finantzaketa".
Horrez gain, ekonomiari eta enpleguari bultzada bat ematen jarraituko dutela adierazi du Zubizarretak: "Udala etengabe harremanetan dago enpresekin Azkoitira inbertsio berriak ekarri eta daudenei eusteko". Bestalde, langileriaren profila kualifikatua izateko, formakuntza sustatuko dutela azaldu du: "Hizkuntzak ikasteko erraztasunak eman nahi ditugu; proiektu hori bideratuta dago, eta lanean ari gara gazte eta helduek hizkuntzak ikas ditzaten.
Merkatariei dagokienez, berriz, Zubizarretak gaineratu du ekintza plan bat landu nahi dutela azoka plaza sustatzeko eta azokarekin batera, merkataritza. Plan hori garatzeko aurreikusitako kostuaren %70eko diru-laguntza jaso dugu Eusko Jaurlaritzatik.
Zubizarretak adierazi du ez dela begien bistan ikusten egin duten lana, eta horregatik, zenbait berrikuntza azpimarratu ditu: kiroldegiko saskibaloi eta futbito pistan egindako hobekuntzak, Udaltzaingoarentzat eta brigadarentzat berritutako instalazioak, Trenbidearen Zumardiako haur-parkea edota bidegorriaren azken fasearen exekuzioa.
Amaitzeko, zabor bilketa sistemaren aldaketa ere martxan jarri dutela azpimarratu du.
2016ari begira, "lanean jarraitzeko gogotsu" dago lan-taldea, herritarrei agindutako guztia errealitate bihurtzeko, adierazi du Zubizarretak.