Maitane Alberdi azkoitiarrak bigarren saria irabazi du Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketan

Maxixatzen.eus 2015ko abe. 16a, 17:49

Argazkian, kultura zinegotzi Sonia Vazquez eta kultura saileko teknikari Jesus Arrizabalaga.

Kultura zinegotzi Sonia Vazquezek eta kultura saileko teknikari Jesus Arrizabalagak gaur goizean jakinarazi dituzte XXXIV. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako irabazleak. Maitane Alberdi Mendez azkoitiarrak irabazi du bigarren saria, "Lur" izenburupean aurkezturiko ipuinagatik.

 

Lehenengo saritua Ainara Elizondo Lizarraga suertatu da. Hondarribitarrak "Zizeletik jaiotako Lorea" ipuinagatik jasoko du lehen saria. "Gai interesgarria jorratzen du eta oso ondo egituratutako ipuina da", esan du Maria Pilar Cuendek, epaimahaiko kideak.

Bigarren saria Azkoitian geratuko da, Maitane Alberdi Mendez azkoitiarrak irabazi baitu "Lur" izenburupean aurkezturiko ipuinagatik, “adiskidetasunari buruzko kontakizuna, bere laburrean oso ondo borobildua”.

Azkenik, hirugarren saria Iraitz Legarra Bazterretxeari emango zaio. Markina-Xemeingo partaideak “Lehoiaren orroa” lanagatik jasoko du saria. “Bizitzako erasoei buruzko gogoeta egiten du, minbizia hartzen du gaitzat zebra eta lehoi baten arteko paradoxa eginez, zebrak badakielako ez dela bizirik aterako”.

Epaimahaia Maria Pilar Cuendek, Mikel Sudupek, Patxi Alberdik eta Jose Mari Izagirren osatu dute. 29 ipuin baloratu dituzte denera. “Kalitatea gorantz doa bai euskararen ikuspegitik eta bai testuen egituraren aldetik”, diote.

Saritutako lanen argitalpena

Sonia Vazquez Kultura zinegotziak aurreratu du datorren urtean berriro hasiko direla saritutako lanak argitaratzen. “Lehen argitaratzen ziren baina azken urteetan utzita egon da eta berriro ekingo diogu euskarazko literatura bultzatu nahi dugulako eta gainera, partekatzea eta irakurtzea merezi duten ipuinak direlako”. Udalak 2016an aurreko urteetan saritutako ipuin batzuk aterako ditu, pixkanaka lan guztiak ateratzen joateko.

Sari banaketa

Ostiral honetan, hilaren 18an, izango da sarien entrega ekitaldia Udaletxean, 19:30ean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide