Merkataritzako eta ostalaritzarako zerbitzu publikoa hobetu nahi du Udalak

Maxixatzen.eus 2015ko aza. 13a, 09:26

Udaleko merkataritza teknikaria, Hirigintza zinegotzia eta Euskara teknikaria, eta Iraurgi Berritze, Azkoitia Lantzen eta Herrixen elkarteen ordezkaria.

Udalak gaur egun martxan dagoen zerbitzuen katalogoaren informazioa emango die herriko merkatariei eta ostalariei. Horrekin batera, haien iritzia ere jaso nahi du Udalak, zerbitzua hobetzeko. Gaur hasiko dira galdetegia banatzen establezimendu horietan, eta astebeteko epea utziko diete ekarpenak egiteko. Anonimoak izango dira, eta "benetan sentitzen dutena" jartzeko eskatu diete udal teknikariek. Ondoren, jasotako proposamenak bideragarriak ote diren baloratuko ditu Udalak, eta, hala izango balira, martxan jarriko lituzke. 

Azkoitiko Udalak parte-hartze plan bat jarriko du martxan hilabete honetan merkatari eta ostalariei eskaintzen dizkien zerbitzuak eta diru-laguntzak baloratzeko eta hobetzeko. Atzo eguardian egin zuten horren aurkezpena Intsausti Jauregian, Udaleko hainbat teknikarik.

Miguel Angel Bastida zinegotziak adierazi zuen zerbitzu publikoak herritarrei "gerturatzea" eta haiei "erraztasunak ematea" dela euren asmoa. 

Azkoitiko Udaleko hainbat departamentuk (Merkataritza Saila, Euskarako Zerbitzua, Hirigintza Saila...) eta zenbait entitatek (Azkoitia Lantzen, Iraurgi Berritzen, Herrixen merkataritza elkarteak...) zerbitzu eta diru-laguntzak eskaintzen dizkiete merkatariei eta ostalariei. Orain Udalak jakin nahi du ea gustora dauden eskaintzen zaien horrekin, eta aurrera begira zer hobetu nahiko luketen. 

Udalak eta eragindako gainontzeko erakunde publikoek proposamen horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dute eta dagozkion egokitzapenak egingo dituzte 2016tik aurrera emango diren zerbitzu eta diru-laguntza publikoetan.

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide