Eneritz Artetxe: 'Helburuak aspaldi bete nituen, eta gozatzera noa Zestoara'

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 30a, 18:08

Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarrak Zestoan kantatuko du bihar.

Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarrak bihar, hilak 31, kantatuko du Zestoako pilotatekuan jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetan. Dagoeneko salgai zeuden sarrera guztiak saldu egin dira. Beraz, larunbatean ez dute leihatila zabalduko. Artetxek gainerako bost bertsolari hauekin abestuko du: Alaia Martin, Jokin Uranga, Jon Maia, Manex Mujika eta Nahikari Gabilondo.

 

Urduri al zaude?

Azkenengo asteak nahiko lasai pasatu ditut, baina bai, aste honetan oso urduri sentitzen naiz. Orain arte kantatu dudan plazarik handiena izango da, eta kezka pixka batekin nago. Baina hori bai, gogotsu nago.

Ondo prestatu al zara saio honetarako?

Ez dakit ondo inoiz prestatzen ote den bat. Orain arte bezala, astean behin edo bitan elkartu gara Jokin, Beñat eta hirurok, baina ezer berezirik ez dugu egin. 

Nahiago nuen Jokinekin ez kantatzea; konfiantza gehiagi dago oholtza gainerako. Tentsio bikoitza izango da. Baina tira, bertsotan berarekin hasi nitzen eta ordutik astero-astero elkarrekin abestu izan dugu bertso eskolan, beraz, ilusio putu bat ere egiten dit egia esan.

Zer egingo duzu gaur eta bihar goizean? Plan berezirik ba al duzu?

Gaur lasai egongo naiz, ezer berezirik egin gabe. Txapelketa aurretik ez dakit ni lasaitzen naizen, baina inguruko denak urduri jartzea behintzet lortzen dut. Orain ari naiz urduritasuna zer den ezagutzen, eta oraindik hori nola neurtzen den ere ikasten nabil. Bihar, goizean goiz esnatuko naiz eta ibiltzera joango naiz lasai-lasai. Arratsalderako burua kontzentratuta izatea nahi dut, eta nire burua animatzen saiatuko naiz konfiantza izateko. 

Faborito garbirik ikusten al duzu biharko saioan?

Faborito bat baino gehiago daude biharko saioan. Neuri, nola ez, Jokinek irabaztea gustatuko litzaidake, baina besteak ere topera daude. Neure buruari ez diot finalerdietara pasatzeko aukera askorik ikusten. Hala ere, saio on bat egiteko eta egokitu zaidan aukera eder hau ahal den ondona aprobetxatzeko aukerarekin ikusten dut. Disfrutatzera noa, eta kito. Helburuak aspaldi bete nituen, eta, orain, gozatzera joango naiz. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide