Nazioarteko kazetariak izan dira asteburuan herria bisitatzen

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 19a, 17:06

Nazioarteko kazetari talde bat Azkoitian izan zen zapatuan. Inaziotar Bidearen aitzakian etorri ziren eta herriko hainbat txoko bisitatu zituzten, herriaren historia eta kultura ezagutu asmoz. Loiolatik Balda plazara oinez egin zuten ibilbidea, eta han zain zituzten Javier Zubizarreta alkatea eta Ana Azkoitia eta Miguel Angel Bastida zinegotziak. Juan Bautista Mendizabalek egin zituen gida lanak Balda Etxea, Alde Zaharra edota Etxe Beltz ikusten zituzten bitartean. Belarriak adi, Mendizabalen azalpenen artean hainbat eta hainbat pasadizo eta bitxikeria entzuteko aukera izan zuten atzerritarrek.

 

Frantziatik, AEBetatik, Brasildik eta Filipinetatik etorri dira kazetariak, RCF, Travel Weekly, Folha de São Paulo edota Philippine Star izen handiko komunikabideentzat lan egiten dutenak, alegia.

Bisitan Juan Bautista Mendizabalek gisa honetako bitxikeriak kontatu zizkien: "Ohiturei  eutsiz, lehen emakumeak amaren etxera bueltatu ohi ziren erditzera. Horregatik uste dugu San Ignazio Loiolakoa etxe honetan, Balda Etxean, jaioa izan zitekeela, –bertan bizi izan zen bere ama Marina de Lincona- eta ziurrenik jaio eta hurrengo egunean eramango zutela Loiolara". 

Bisita amaitzeko musika izan zen protagonista. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa tarteko, Parrokian egin zuten azken geldialdia eta Alize Mendizabal organistak eta Arimaz eta Errenteria Musikal ganbera orkestrek erruz gozarazi zieten. Eguzkia ezkutatuta ordurako, txotxa zain zuten. Kazetaritza erromesaldiari Manresan jarriko diote amaiera aste honen amaieran.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide