Aurreikuspen guztiak beteta, 9.500 euro bideratuko dituzte bularreko minbiziaren ikerketara

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 9a, 22:51

9.500 euro eman dizkio Ttipi Ttapak Katxalin elkarteari.

Pasa den irailaren 26an izandako Bularreko Minbiziaren aurkako I. Lasterketa solidarioaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur arratsaldean Elkargunean. Lasterketa antolatzen jardun duten Ttipi Ttapa taldeko hainbat lagun bildu dira bertan eta, baita ere, Txaro Beobide, Katxalin bularreko minbizi eta minbizi ginekologikoak eragindako Gipuzkoako emakumeen elkarteko lehendakaria.

 

Tipi Ttaparen helburua lasterketa horren bidez, bularreko minbizia gertutik bizitzea egokitu zaienei batasuna adieraztea izan da, gaixotasunaren ikerketara dirua bideratuz. Emakume taldeak hasieran zuen helburua guztiz gainditzea lortu du, guztira, 9.500 euro eman baitizkio Katxalini. "Azkoitia bezalako herri batean biltzeko diru asko da, ia herritar bakoitzeko euro bat", adierazi dute Ttipi Ttapako kideek. Eta bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartzaileei eta ekonomikoki laguntza eman duten guztiei.

Txaro Beobide elkarteko lehendakariak "sinestezina" dela adierazi du eskuratutako diru kopurua: "Ikaragarria da lortutakoa, horrek indarra emango digu lanean jarraitzeko. Zorionez, gizartea sentsibilizatuagoa dago orain gaixotasunarekin; gero eta gehiago zaintzen dira, eta horri esker, goizago antzematen dute gaixotasuna. Hori funtsezkoa da".

Diru bilketarako herriko hainbat komertzioei eta tabernariei laguntza eskatu dio Ttipi Ttapak; batzuek ekonomikoko lagundu dute, eta besteek, sariak eman dituzte parte hartzaileentzat. Ekonomikoki, guztira, 1.070 euro lortu dituzte eta beste 65 sari. Haien partetik ere  erantzun paregabea izan dutela azpimarratu du emakume taldeak.

Lasterketako parte hartzaileei dagokienez, berriz, erantzuna bikaina izan dela nabarmendu dute. Taldeko baikorrenek mila bat lagunen parte hartzea aurreikusten zuten hasieran, baina gehienek 500 bat izatea espero zuten. Ordea, haien harridurarako, aurreikuspen denak txiki geratu zaizkie. Guztira, 1.154 izen emate lortu zituzten: 291 umeenak eta 863 helduenak. Horrenbestez, antolatzaileak oso gustura daude, herritarren eta eskualdekoen harrera beroarekin. Lasterketaren egunean izandako giro bikaina ere eskertu dute.

Aurreneko lasterketa horrek izandako arrakasta dela eta, herriko jende "asko" ari zaie galdezka noiz izango den hurrengoa. Oraingoz, bi urtean behin egitea erabaki dute. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide