Hondakinak, zinegotzien soldatak eta dimisioak eta Idiakez Ederra eraikina eztabaidagai azken udalbatzan

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 2a, 10:40

Asteazkenean egin zuten udalbatzan Udalak hainbat erabaki hartu zituen. Besteak beste, Idiakez Ederra eraikina sostengatzen duten andamioak erostea erabaki du, 50.000 euro bideratuz horretara. Egitura erostea erabaki da, bestela, Udalari andamioen alokairua hilero-hilero 6.027 euro kostatzen zaiolako.

 

Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariekin bildu dira Udal ordezkariak, eta baita eraikinaren jabe batzuekin ere. Negoziaketetan aurrerapenak ematen ari direla nabarmendu du Udalak bai erakunde mailan eta bai alde pribatuari dagokionean.

Aurreko hilabetean, irailean, Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Mari Jose Telleria, Azkoitian izan zen alkateak eskatuta. Pertsonalki eraikinaren egoera ikusteko aukera izan zuen, egoera aztertzearekin batera. Telleriak bilera luzea izan zuen Javier Zubizarretarekin, bere gobernu taldeko hainbat kiderekin eta hirigintzako udal teknikariekin.

Udalaz gaindiko erakundeek esku hartzen dute kultura ondasun izendaturiko Azkoitiko monumento multzo gunearen baitan dagoen erdi mailako babesa duen eraikina delako.

Egoera honen aurrean, Udalak hartu duen lehen erabakia izan da eraikina sostengatzen duten andamioak erostea, 50.000 euro bideratuz horretara. Egitura erostea erabaki da, bestela, Udalari andamioen alokairua hilero-hilero 6.027 euro kostatzen zaiolako. 

Udalbatzan kreditu aldaketa bi ekintzatarako onartu zen. Batetik, andamioak erosteko eta bestetik, Udaltzaingoak eta brigadako langileek erabiltzen dituzten instalazioetan sukaldea eta bulego bat ipintzeko.

Kreditu aldaketa EAJ eta PSE-EEren aldeko bozkekin onartu zen. Irabazi Azkoitia Bai eta Bildu abstenitu egin ziren.

Udalbatzak onarturiko beste puntu bat Nekane Larrañaga zinegotziaren %50eko liberazio partziala izan zen. Horrela, Unibertsitateko lana eta kargu publikoa bateratuko ditu. Kasu honetan ere, Eudelek soldaten inguruan ezarritako irizpideak hartu dituzte kontutan. Alkatearena baino ehuneko hamar gutxiago izango da Larrañagaren soldata; guztira, 30.189,16 euro.

Dimisioak

Udalbatzan dimisioa aurkeztu zuten EH Bilduko bi zinegotzik: Urrategi Alberdik eta Jesus Mari Oteizak. Biak "arrazoi pertsonalengatik” hartu dutela erabakia azaldu dute.

 

Hondakinak

Erregu eta galderen atalera iritsita, EH Bilduk bere kezka agertu zuen hondakinen gaiarekin eta kontrol eta jarraipen mahai bat osatzea iradoki zuen. Alkateak hartu zuen hitza esanez mahai horren funtzioak betetzen direla komisioetan, herriko taldeekin dituzten kontaktuen bidez, alegia, Atez Atekoaren aurkako plataformarekin eta Zero Zabor-ekin, eta herritarrekin dituzten harremanen bitartez. Halaber, ordezkari guztiei eskaera bat luzatu zien:  "Atera gaitezen guztiok batera birziklatzen dutenei eskerrak emanez eta egiten ez dutenei praktika desegokiak baztertu eta edukiontzien erabilera zuzena egiteko eskatuz".  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide