Tomas Zubizarreta 'Zendoia' soinu jotzailea hil da

Maxixatzen.eus 2015ko ira. 28a, 09:00

Argazkia: Hitza.

Tomas Zubizarreta Zendoia soinu jotzaile azkoitiarra zendu zen iragan ostiralean, 84 urte zituela. Gaur, hilak 28, izango da haren aldeko hileta elizkizuna herriko Parrokian, 19:00etan.

 

Osabari soinua kenduta ezkutuan hasi zen Zubizarreta soinua jotzen, eta orduztik, trikitixari lotuta eman du bizitza osoa herriz herri. Iaz, San Andres egunean, Laxaro Azkunek azkoitiarraren bizitzari buruz idatzitako Zendoia, pozaren mezularia liburua kaleratu zuen Euskal Herriko Trikitixa elkarteak. Horrez gain, omenaldia ere egin zioten bere urtebetetze egunean herriko udaletxean. Hemen, bideoa: 

Azkoitiko Martirieta edo Martitte auzoan jaio zen 1930ean. Osaba trikitilaria lanera joaten zenean, haren soinua hartzen zuen hamar urte inguru izango zituen mutikoak. Bere kasa ikasi zuen soinua jotzen, sasoi hartan askok ikasten zuten moduan, eta hamasei urte ingururekin jo zuen jendaurrean lehen aldiz bere auzoko plazan. Ordutik, plazaz plaza aritu da. Txapelketak ere ezagutzen ditu Zendoiak, besteak beste, Euskadiko trikitixa Txapelketan izan zen 1979, 1980 eta 1982 urteetan, Luis Alberdi Zabale pandero-jotzailea lagun zuela. [HITZA]

Iazko martxoan, berriz, San Jose Trikiti Jaialdian ere omendu zuten. Hona hemen Urola Kostako Hitzak orduan egindako bideoa: 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide