Donostiako zinemaldian aurkeztu dute Aitaren etxea; atal berezi bat eman dute estreinaurreko emanaldi gisa.
65 pertsona baino gehiagoko lantaldea osatu dute Pausokak eta ETBk, eta, Jabi Elortegiren zuzendaritzapean, datorren asteazkenean estreinatuko dute.
Loreto Mauleon eta Ander Azurmendi aktoreekin batera, beste hainbat aurpegi ezagun ikusiko ditugu telesailean, hala nola, Felix Arkarazo, Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Olatz Beobide, Miren Gaztañaga edota Patxi Santamaria besteak beste.
Euskal Herriko historiari lotua izango da fikziozko saioa, hain justu, 1950eko hamarkadari. Zelaia eta Egaña familiak izango dira protagonistak. Zelaia sendiak hotel bat du, baina 1936ko gerraren ostean, turismoak behera egin, eta garai zailean egongo da. Luis Egaña, berriz, herriko alkatea eta fabrikako bazkidea da. Haren alaba Irene eta Jabier Zelaia gaztea maitemindu egingo dira, baina bi familien arteko harremana korapilatsua izan zen garai batean. Irenek eta Jabierrek sentimenduak oztopo guztien gainetik daudela pentsatzen badute ere, laster jabetuko dira ez dela hain erraza iraganaren atzaparretatik ihes egitea.
Argazkian: Miriam Cabeza aktorea eta Idoia Uranga zuzendaria. / MIRIAM CABEZA.