Naroa Gaintzaren eta Miren Fernandezen kontzertuak datozen bi asteburuetan

Maxixatzen.eus 2015ko ira. 8a, 16:55

Argazkia: Gille Urkijo

Azkoitiko udalak bi abeslariren kontzertuak antolatu ditu hurrengo bi larunbatetarako, Uda Girun egitarauaren baitan. Irailaren 12an, Naroa Gaintza ariko da, atera berri duen diska aurkezten, eta irailaren 19, berriz, Miren Fernandezek joko du. Biak ala biak Plaza Berriko oholtzan abestuko dute 22:00etatik aurrera.

 

Udako oporraldiaren amaierak eragin ohi duen sentipen gazi-gozoa astintzeko, Naroa Gaintza eta Miren Fernandez abeslariek joko dute Azkoitian. Gaintzak, atera berri duen "22m2" (Hogeita bi metro koadro) bere lehen bakarkako diskoko hainbat kantu aurkeztuko ditu. Musika munduan ibilbide luzea du Giantzak. Izan ere, Amaiur erromeria taldearekin hasi zen musika munduan eta egun Izerdi Gorria taldea nahiz bakarlari moduan aritzen da, pop-rock estiloko bandan.

Bestalde, irailaren 19an, larunbat gauez, Miren Fernandez izango da eszenatoki gainean. Abuztuaren 8an izan zen Fernandez Azkoitian Antxon Sarasuarekin batera, Tta-kun tabernaren zazpigarren urteurreneko kontzertuan. Oso leku "berezia" zela azpimarratu zuen, eta gustura etortzen zela Azkoitira.

Fernandezek ETBko Sorginen Laratza saioan eman zion hasiera bere musika ibilbideari. "Laztantzen nauen eskua" izan zen bere bakarkako lehen diskoa. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide