Gaurko bilera ere irekia izango da, eta bertan zenbait gairen inguruan eman nahi diren hainbat urrats aztertuko dituzte.
Hona hemen pasa den ostiraleko elkarretaratzean irakurritako testua:
Egun hauetan komunikabideetatik ikusten ari garenak sortu digun ezinegonak batu gaitu hemen.
Elkartasuna adierazi nahi diogu beraien herria uztera behartuta dauden milaka pertsonei. Ez dugu ahaztu behar azken lau urtetan gerra jasaten ari diren herritarrak direla.
Gerra horren testuinguruaren gaineko zalantza handiak ditugu, izan ere komunikabidetan Bashar al Assaden erregimena aipatzen digute, baina guzti horren atzean dauden interesak mendebaldeko herri aberatsetan kokatzen ditugu.
Mundu mailako sistema kapitalistak jartzen ditu joko arauak, eta horien arabera erabakitzen da non eta noiz sortu gerrak. Amerikako Estatu Batuek eta Europar Batasunak inplikazio zuzena dute gerra horietan.
Siria duela lau urte “udaberri arabiarra” bezala ezagutu zen mugimenduan murgildutako herrialdetako bat zen, beraien eskubide sozialen aldeko mugimenduan murgildutako herrialdea, FMIarekin eta Munduko bankuarekin diru-zorrik ez zuena, elikagai transgenikoak debekatuta zituena, estatu laikoa eta sionismoaren interesei erantzuten ez ziena.
Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak gerra horren interesen inguruan.
Gerra urruti egon den bitartean ordea, Europak beste aldera begiratu du, baina orain iheslariak masiboki datozenean alarma guztiak piztu dira. Pertsona hauek hartzeko zenbakiak eta kupoak negoziatzen ari dira, eta bitartean egoera negargarrian dauden milaka pertsona.
Hildako umeen irudiak erakutsi dizkigute, baina Siriako Giza Eskubideen behatokiak uztailean emandako datuen arabera 11.000 ume hil dira gatazka hasi zenetik.
Zazpi milioi desplazatu, lau miloi errefuxiatu eta 300.000 hildako dira EUROPA eskandalizatzen hasteko behar izan dien zifrak.
Guzti horren ondorioz ihesean dabiltzan milaka pertsonei laguntzeko momentua da orain, beste aldera begiratzeak konplize egiten gaituelako.
Horregatik, geure txikitik, Azkoitiko udalak gain honen inguruko lanketa egin eta babes herrien sarean sartzeko ahalegina egin beharko lukeela uste dugu, eta herritar talde bat Udalera zuzenduko gara hau eskatzera.
Inguruko beste herrietako udalekin eta eragileekin elkarlanean aritu beharko dugu, eta konpetentzia Espainiako gobernuari dagokionez, errefuxiatuak hartzeko aukeren inguruko gestioak egin beharko dira.
Konponbidea ez dago hesietan, konponbidea pertsona hauei bizimodu duina ematean dago, eta ahalik eta azkarren beraien herrietara itzultzeko baldintzak izan ditzaten lan egitean.
Hori lortu bitartean, behar duten laguntza emateko beharrezkoa izango da elkartasun sareak antolatzea, eta Azkoitian ere prest egon beharko dugu.