Ia ehun boluntario ariko dira zapatuan Azkarateko VII. Rallysprint lasterketan laguntzen

Maxixatzen.eus 2015ko ira. 2a, 20:48

Argazkian, Angel Gurrutxaga Euskadiko automobilismo federazioko lehendakaria eta Errebueltie taldeko bost kideak.

VII. Rallysprint lasterketa izango da zapatuan, hilak 5, Azkarateko bide zaharretik barrena. Bost lagunek osatzen duten Errebueltie talde jaioberriak antolatu du lehen aldiz, bi urtetako lanaren ondoren. 56 parte hartzaile lehiatuko dira, horietatik hamabost bailarakoak dira eta bi herritarrak. Guztira, ia ehun boluntario ariko dira hamaika kilometroko ibilbidean laguntzen. 

 

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Elkarguneko aretoan zapatuko Rallysprint lasterketa. Jon Zubiaurre Errebueltie taldeko kideak hartu zuen hitza, eta lasterketaren inguruko hainbat puntu azaldu zituen. Ondoren, Angel Gurrutxaga Euskadiko automobilismo federazioko lehendakariak gaineratu zuen oso pozgarria dela sei urteren ondoren, talde berri baten eskutik berriz lasterketa antolatu izana. "Autobilismoarekiko afizioa mantentzea nahi dugu, eta zapatuan jende asko gerturatzea espero dugu", azpimarratu zuen Gurrutxagak. 

 

Ezkerretik eskuinera, Angel Gurrutxaga, Jon Zubiaurre, Aitor Zubiaurre eta Jexux Arrizabalaga.

 

Egiaztapenak 10:00etatik 12:00etara bitartean egingo dituzte zapatuan Altzibar auzoko Ugarte industrialean, eta gero, 13:00etik aurrera parte hartuko duten auto guztiak Herriko plazan izango dira ikusgai. Lehendabiziko autoa 14:30ean aterako da. Haren ondoren, gainerako guztiak irtengo dira banan bana. Olasoko txatartegi paretik irtengo dira guztiak, ondoren, Otarretik Marixaraino joango dira eta Azkarateko bide zaharretik barrena, Dukeko baserriaren parean bukatuko dute proba. 

Guztira, hamaika kilometro egin beharko dituzte. Hiru txanda izango dira, eta hiru denboren batura hartuko dute kontuan. Bestalde, aipatu, lasterketan parte hartuko duten bi herritarrak Ion Albizuri eta Iraitz Olariaga gidariak izango direla. 

Gainerako ibilgailuentzat errepidea itxiko dute 13:30ean, eta oinezkoentzat, berriz, 14:15ean. Sarrera hamar euro ordaindu beharko dute ikusleek. 12:00etatik 13:30era bitartean aparkalekua izango da Azkarateko errepidean (errail makalean) Marixaraino. 

Ikusleentzat prestatutako guneak jarriko dituzte, eta debekatuta egongo da zinta gorrien atzean jartzea. Arduraz jokatzeko eta zaborrik ez uzteko eskatzen dute antolatzaileek.

Lasterketa 19:30ak inguruan amaitzea aurreikusten dute, eta 20:00etan sari banaketa izango da. 2.000 euro eta garaikurrak daude saritan. 

Azkotiko rallysprinta burutzen lagunduko duten ia ehun lagunen artean, Zaittu fisioterapia zentroaren eskutik, gorputz osoko masaje bat zozketatuko dute. 

2009an izan zen lasterketa hau azkenengoz, eta ordutik ez da auto lasterketarik izan herrian. Aurten sortu den Errebueltie motor kirol taldeari esker ospatuko da zapatuan VII. Rallysprinta. Honako hauek osatzen dute Errebueltie taldea: Jon eta Aitor Zubiaurre anaiak, Idoia Mendez, Aritz Elgarresta eta Joseba Alberdi. Zubiaurrek azaldu du lan neketsua izan dela guztia antolatzea, baina gustura egin dutela eta aurrera begira ere lanean jarraitzeko asmoa dutela. Antolatzaileek babesleak eskertu nahi izan dituzte, besteak beste, Azkoitiko tabernaixek eta Azkoitiko udala.

Lasterketaren inguruko albiste guztiak Fotomotorren argitaratuko dituzte. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide