Udalak zabor bilketa sistema aldatzeko lehen urratsa eman du

Maxixatzen.eus 2015ko uzt. 30a, 12:19

Atzoko osoko bilkura, udaletxeko pleno aretoan.

Atzoko Udalbatzan onartutakoaren arabera, Udalak Urola Erdiko Mankomunitateari hondakin sistema bilketa aldatzeko eta bideragarritasun azterketa bat egiteko eskatuko dio, edukiontzien sistemari bide emateko hondakin edo material guztien bilketarako. Atzoko onarpenarekin aldaketa prozesuari hasiera eman zaio.

 

Javier Zubizarreta alkatearen hitzetan, erabaki hau hartzeko arrazoi argi bat dago eta da “urtarrilean Azkoitian egindako herri kontsultaren emaitzak errespetatzeko borondatea”. %53ak sistema mistoaren aurkako botoa eman zuen, egungo zabor bilketa eredua babestu zuen %46aren aurrean.

Azkoitian ezarritako helburua da %70eko birziklatze tasara heltzea. Arrasate edo Tolosa bezalako herriek edukiontzi sistema bidez aise gainditu dute portzentaia hori, %78era eta %76,5era iritsiz, hurrenez hurren.

Udalak hondakinen bilketa sistema egokiena aukeratzeko eskubidea du, Mankomunitateari aldaketen berri ematen baldin badio eta ezarriko den sistemaren azterketa tekniko eta ekonomikoa eskatu.

Udalbatzak onartu du Mankomunitateari eskaera hori egitea ere aldaketa prozesuari hasiera emanez. Mankomunitateak proposaturiko sistemaren kostua kalkulatuko du eta baita eratorritako gastuen likidazioa ere.

Zehazki Mankomunitateari eskatzen zaiona da sistema mistoa kentzeko,kaleko zintzilikarioak kentzeko eta aztertzeko zein den soluziorik hoberena errefusa jasotzeko. Hau da gaur egun fardelentzat dauden edukiontziak erabili edota edukiontzietan oinarrituriko beste formula bat ezarri.

Udal gobernu berria agintea hartu duenetik atez atearen aurkako plataformako eta Zero Zaborreko kideekin bildu da eta aurrerantzean ere, batzuen eta besteen proposamenak kontutan hartuko dituela jakinarazi du.

Denen helburuak berdinak direla eta helburu horiek lortzeko, ingurugiroarekin implikatuta dagoen edozein talde edo norbanakok egingo dituen proposamenak entzun eta aztertzeko prest azaldu da Udala.

Zabor bilketa sistemaren aldaketari hasiera ematea EAJ eta PSE-EEren bozkekin onartu zen. Azkoitia Bai abstenitu egin zen eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen. Urrategi Alberdi EH Bilduko buruak azaldu zuen ez dutela egokia ikusten erabakia hartuta izatea, aurrez jarraipen batzordean hitz egin gabe. Gainera, ingurumen teknikaria kanpoan utzi dutela, eta txosten teknikorik ez dutela aurkeztu nabarmendu zuen. "Lehendabizi txostena izan behar da, eta gero proposatu behar dira egingo diren aldaketak. Hau da, zehaztuta egon behar dute aurrez, gero egon daitezkeen ondorioak. Izan ere, egungo sailkatze mailak atzera egiten badu, zein neurri hartuko dira?", adierazi zuen Alberdik. Sistema mistoari esker birziklapen maila baxutik %80 lortzera iritsi direla, eta orain hori hobetzea dela helburua, azpimarratu zuen. 

Bestalde, Azkoitia Baiko bozeramaile Jose Joaquin Etxanizek gaineratu zuen, lehendabizi edukiontzien sistemak funtzionatzen duen frogatu behar dela, eta ondoren lortutako emaitzen arabera erabaki zintzilikarioak kendu edo ez, eta ez alderantziz. PSE-EEko buru den Miguel Pascual Reimundezek gaineratu zuen lehentasuna sistema mistoa kentzeak duela, galdeketan herriak hala eskatu zuelako. 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide