Gelditzeko asmorik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2015ko uzt. 3a, 11:35

Sekulako emaitzak lortu ditu Jone Zabaleta azkoitiarrak ikasturtean zehar jokatutako atletismo saioetan. Azken erakustaldia pasa den asteburuan lehiatutako Espainiako Txapelketam eman zuen, zazpigarren eginda.

Txikitatik izan du gustuko antxintxiketan egitea Jone Zabaleta azkoitiarrak. Gaztetxoa zela amak animatu zuen Ikastolako taldean izena ematera eta, hala, LH3. mailan hasi zen korrika herrietako lasterketa saioetan. Ez da gelditu ordutik. Orain, hamazazpi urterekin, sekulako denboraldia du amaitzear atletismoan.

Pasa den asteburuan lehiatu zen Ciudad Realen (Gaztela-Mantxa, Espainia) jokatutako Espainiako gazteen txapelketan eta, beste behin ere, emaitza oso onak lortu zituen, 7.postua eskuratu baitzuen azken sailkapenean. 1.500 metroko proban izan zen hori, 4,51ko kronoa lortuta. “Gustura” gelditu da emaitzarekin. Ez da, hala ere, Espainiako Txapelketan parte hartzen duen aurreneko aldia, baina beti amestu izan du txapelketa honetako finalera iristearekin, beraz, aurtengoan “poz bikoitza” du.

Azaroan hasten ditu txapelketak Jone Zabaletak lokatz arteko krosekin. Euskadiko eta Espainiako txapelketetan lehiatu ostean, estalitako pistetan parte hartzen du, eta hemen ere esku hartu zuen Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan. Azken hau Donostian jokatu zen gainera, eta 6.postua eskuratu zuen. Aire libreko txapelketekin amaitzen du denboraldia. Euskadi Absolutoko bi lasterketa gelditzen zaizkio lehiatzeko orain, uztailaren 11n eta 18an.

Behin denboraldia amaituta, ondo merezitako oporraldia hartuko du, irailean berriro entrenamenduekin hasteko. Astean lauzpabost egunetan izaten ditu saioak, astearte, ostegun, larunbat eta igandeetan, eta batzuetan astelehenetan ere bai, bakoitza ordu eta erdi ingurukoa.

 

Irakurri erreportaje osoa hitza.eus-en.

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide