Aldaketak Udal gobernu berrian: hautetsien soldatak igoko dituzte eta parte-hartze batzarra kenduko dute

Maxixatzen.eus 2015ko eka. 24a, 13:27

Azkoitiko Udal berriko kideak udaletxeko lehen osoko bilkuran.

2011an EH Bildu koalizioak ehuneko 40 jaitsi zituen Udaleko ordezkarien ordainsariak aurreko legealditik. Orain, berriz, EAJk, ehuneko 47,33 igoko du alkatearen ordainsaria, pasa den legealdiko Urrategi Aberdiren ordainsariarekin alderatuta. 

 

2015eko maiatzaren 24ko udal hauteskundeek EAJ alderdiari eman zioten nagusitasun osoa. Azkoitiarrek aldaketa bozkatu zuten hauteskundeetan eman ziren emaitzei erreparatuz gero. Hilabete pasa da ordutik, eta Azkoitiko Udal berria hasia da lanean. Bozen bidez emandako aldaketa atzo mamitu zen udaletxean egin zen ez-ohiko batzarrean. Bertan, Azkoitiko Udal Antolaketaren egitura taxutzeko funtsezkoak diren puntuak aztertu eta bozkatu zituzten.

Atzoko batzarrean eztabaidatu, adostu eta bozkatu ziren gai garrantzitsuenak honako hauek dira: batzorde informatiboen eraketa eta hauen osaketa politikoa; Udalaren ordezkaritza beste organo eta erakundeetan; hautatuen ordainsariak eta talde politikoen diru-izendapenak; alkateordeen izendapena, edota Azkoitiko Udaleko Toki Gobernu Batzarreko kideen izendapena.

Aipatzekoa da EAJren bozak erabakigarriak izan zirela, bederatzi hautetsirekin gehiengo osoa duelako. Hala ere, gainerako hiru alderdiek hainbat puntutan erakutsi zituzten desadostasunak; besteak beste, parte-hartze batzarra kentzea eta hautetsien ordainsari altuegiak eztabaidatu zituzten.

Delegazioen titularrak eta arloak modu honetan izendatu zituzten datozen lau urteetarako: Ogasuna, Sustapen Ekonomikoa eta Merkataritza, Ana Mª Azkoitiaren ardura izango da; Gizarte Ongizatea, Berdintasuna, Integrazioa, Hezkuntza, Euskara eta Kultura, Nekane Larrañagarena, eta Ingurumena, Landa Garapena, Obrak eta Zerbitzuak, Miguel Angel Bastidarena. 

 

Zeintzuk dira Batzorde informatzaile iraunkorrak eta bereziak?

Ohiko Batzorde informatzaile iraunkorrak, aurreko legealdian zortzi ziren eta orain lau izango dira alkatetzaren proposamenaren arabera: Ogasuna, barne antolakuntza, pertsonala, kontratazioa, sustapen ekonomikoa eta merkataritza; Gizarte ongizatea, berdintasuna, integrazioa, hezkuntza eta euskara; Lurralde antolakuntza, ingurumena, landa garapena, obrak eta zerbitzuak;  Kultura, kirolak, festak eta gazteria. 

Batzorde Informatzaile bereziak, berriz, aurreko legealdian bi zeuden eta orain bat: Kontuen batzorde berezia. Hau, urteko kontuak  aztertu eta diktaminatzeko xedearekin landuko dute, eta Ogasuna, Barne Antolakuntza, Pertsonala, Kontratazioa, Sustapen Ekonomikoa eta Merkataritza Batzordeko kideek osatuko dute.

Ondorioz, bertan behera geldituko da duela lau urte EH Bildu koalizioak sortu zuen parte-hartze batzordea.  

Batzorde informatzaile horiek honela osatuko dituzte: EAJ-ko bost kide, EH Bilduko bi kide, Irabazi/Azkoitia Baiko kide bat eta PSE/EE-ko kide bat. 

Bestalde, Toki Gobernu Batzarreko kide gisa honako hauek izendatu dituzte: EAJ alderditik Ana Mª Azkoitia, Nekane Larrañaga, Miguel Angel Bastida eta Angel Luis Martin, eta EH Bildu koaliziotik Gaizka Larrañaga.

Horrez gain, Javier Zubizarreta Azkoitiko Udaleko alkateak, alkateordeak izendatu ditu. Lehen alkateordea: Ana Mª Azkoitia, bigarrena, Nekane Larrañaga, hirugarrena, Miguel Angel Bastida eta laugarren alkateordea: Angel Luis Martin.

 

Hautatuen ordainsariak eta talde politikoen diru-izendapenak

Alkateak dedikazio esklusiboa izango du, eta urtean 67.087,03 euroko ordainsaria izango du, aurreko legealdian Urrategi Alberdik zuena baino ehuneko 47,33 gehiago -Alberdik 45.535 euroko ordainsaria jasotzen zuen urtean-.

Zinegotziei dagokionez, berriz, Ingurumena, Landa Garapena, Obrak eta Zerbitzuetako Zinegotzi delegatuak ehuneko 75eko dedikazioa izango du eta 45.283,74 euroko ordainsaria urtean; alkatearena baino ehuneko hamar gutxiago. Eta festak, Kirola eta Gazteriako arloak landuko dituen zinegotziak, ehuneko hamarreko dedikazioa eta 6.037,83 euroko ordainsaria. Honek ere alkatearena baino ehuneko hamar gutxiago proportzioan. 

Dedikazio esklusiboa edo partziala ez duten zinegotziek, honako dieta hauek eskuratuko dituzte, Udalbatza Pleno, Tokiko Gobernu Batzar eta Batzorde Informatzaileetako bilkuretara joateagatik: Plenoetara, 70 euro; Batzordeetara eta Tokiko Gobernu Batzarretara, 35 euro; eta Batzordeko lehendakariarena, 70 euro. 

Bestalde, Udal talde politikoen diru-izendapenak honako hauek izatea proposatzen du alkateak: Udal talde politiko bakoitzeko hilean 542,50 euro eta taldeko izendapena zinegotzi bakoitzeko hilean 167,50 euro.

Behin behineko lanpostuetan, berriz, alkatearen idazkariak urtebeterako kontratua izango du proba gisa 33.614,70 euroko ordainsariarekin. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide