San Joan suak ez zituen guztiz erre azkoitiarren urteko gauza txarrak

Maxixatzen.eus 2015ko eka. 24a, 10:57

Ez zen guztiz erre aurtengo San Joan sua.

Urteko gau laburrena, San Joan bezpera ospatzeko, hainbat herritar gerturatu ziren atzo gauen Balda Plazara sua ikustera. Inoiz baino ikusmin handiagoa piztu zuen atzoko San Joan suak; hainbat saiakera egin zituzten zuhaitz adarrak erretzeko, baina, azkenean, ez zuten lortu sua guztiz kiskaltzea.

 

San Joan sua da gurean ohitura errotuenetako bat. Atzoko gaua esanahi sinbolikoz jositako gaua izaten da; urteko gauza eta oroitzapen txarrak sutan erre eta ziklo berri bati ekiten zaio. Itxaropen eta desio berriak pizten dira udaren iritsierarekin batera.

Sua pizteko ohorea Iraurgi saskibaloi taldeko Maite Lizarazu, Intza Lizarazu eta Aitziber Besga jokalari azkoitiarrena izan zen, Javier Zubizarreta Udaleko alkate eta Nekane Larrañaga zinegotziarekin batera. 

Beste behin ere, suak herritarrak erakarri zituen Balda plazara, baina aurten ezin izan da San Joan sua guztiz erretzen ikusi. Udaleko langileek hainbat saiakera egin bazituzten ere, ezinezkoa izan zen San Juan sutara bota zituzten zuhaitz adarrak guztiz kiskaltzea. 

San Joan sua guztiz erre ez bazen ere, suaren inguruan dantza eskaintzea gure ohitura da, eta Musika Eskolako eta Sahatsako dantzariek halaxe egin zuten beste urte batez. Sua piztu baino lehen ere, Xabier Munibe eta Floreaga eskoletako dantzariak kalejiran hurbildu ziren Balda plazara, Txalkor txistulari taldearen laguntzarekin. 

Horrez gain, sua piztu ondoren ere erromeria izan zen Balda plazan. Musika eskolako musikariekin, hainbat herritar dantzan aritu ziren suaren inguruan. Gau giro ezin hobean, suaren inguruko ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide