Dena prest igandeko oihal katerako

Uztarria.eus / Maxixatzen.eus 2015ko eka. 18a, 09:27

Urumeako oihal-katearen irudia.

Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen alde antolatu duen igandeko ekitaldirako, Azkoitiko 600 lagun baino gehiagok eman dute atxikimendua dagoeneko. Oraindik Anoetako ekitaldi nagusirako sarrerak erosi daitezke, herriko hainbat tabernatan. 

 

Gogor ari dira lanean antolatzaileak, azken egunotan, batez ere; dagoeneko bukatu dute herriko oihal guztiak hogeinaka jostea. Igandeko oihal-katean, Azkoitiko hamasehi lagun ariko dira herriko oihalei eusten, Urumeako hirugarren zubitik laugarren zubira bitartean. Partehartzaileek 11:30ean bere lekuan egon beharko dute, eta 12:00etan emango zaio hasiera kateari, 12:30ak arte. Katea, guztira, Urumeako sei zubietan izango da.

Ondoren, zubietatik kalejira egingo da Anoetara futbol zelairaino, musikaz lagunduta. Zurriolako zubian elkartuko dira txistulariak, Santa Katalinan elektrotxarangak, Maria Kristinan trikitilariak, Mundaizen batukadak, Agirre Lehendakarian txarangak eta Realaren zubian dultzaineroak eta gaiteroak.

Arratsaldean, berriz, Donostiako Anoeta estadioan izango da ekitaldi nagusia, 17:30ean. Anoetako ateak 16:30ean irekiko dituzte. Ekitaldian parte hartuko dute Su ta Gar, Glaukoma, Ze Esatek eta Skaiketan taldeek, besteak beste. 

Ekitaldi horiez gain, hiriburuko hainbat txokotan jarduerak izango dira, hala nola, alde zaharrean, Anoeta inguruan, Miniestadio inguruan eta Ilunbe familia gunean. 

  • Alde Zaharra

12:30etik aurrera kaskarinak eta txistulariak izango dira Alde Zaharrean. Bulebarrean, berriz, herri dantzariak.

  • Anoeta ingurua

11:00etan Anoeta inguruko gunea zabalduko dute. Besteak beste, sagardoa, txekor errea, taloak, kaxuelitak... dastatu ahal izango dira.

20:00etan erromeria.

  • Miniestadio ingurua

Jan-edanerako aukera izango da, eta 11:30etik 00:00etara kontzertu maratoiaz gozatu ahal izango da, talde hauekin: Lain, Rat-Zinger, Eratu, Arkada Sozial, Tajon Prieto y Los Kuajalotes eta Stepi Selektah Reggae Dancehall (Bad Sound System).

  • Ilunbe (familia gunea)

Puzgarriak, tailerrak, abentura parkea, tirolina, apar-festa... izango dira.

12:30ean Ilunbe izarrez argitu ikuskizuna. Irrien lagunak, Gipuzkoako pailazoak, suhiltzaileak, 'Gu ta gutarrak'... izango dira bertan.

14:00etan irri bazkaria.

15:30ean dantzaldia, txantxarien eta Irrien Lagunen eskutik.

 

Sarrerak, kamisetak eta boluntarioak

Zapatuan, 11etatik 13:30era, Eliz atarian izango dira Gure Esku Dago ekimeneko Azkoitiko antolatzaileak, eta bertan, kamisetak erosteko aukera izango da.

Horrez gain, hilaren 21eko Donostiako ekitaldian boluntario bezela lanean lagundu nahi dutenek izena emateko aukera ere izango dute. Boluntarioak, 11:00etatik 14:30era, edari banatzaile modura ariko dira.   

Anoetako ekitaldirako, guztira 300 sarrera daude hamar eurotan salgai herriko hainbat tabernatan: Dean, Olaberri, Zurt, Atraskue, Etxe-Aitz, Ttakun, Arkupe eta Zakelan daude sarrerak. Taberna batzuetan (Zurt, Etxe-Aitz eta Ttakun) dagoeneko sarrerak agortuta daude. 

 

Ordutegi berezia, garraio publikoan

Donostian iganderako antolatu dituzten egitasmoetara nahiz Anoetako ekitaldira joateko garraio zerbitzua indartu dute. Lurraldebusek igandeetan dituen ohiko zerbitzuak eskainiko ditu. Hala ere, ohiko zerbitzuez gain, beste bi autobus jarriko dituzte Azkoitia eta Donostia artean: 10:05ean Donostiara joateko (9:55ean aterako da Azkoititik) eta bestea 22:20an Donostiatik itzultzeko. Zumaiatik Donostiara joateko, D-Bus eta Renfeko zerbitzuak ere indartuko dituzte. 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide