Baratze ekologiko izaten dutenek betebehar eta baldintza batzuk izango dituze.
1. Derrigorrez parte hartu beharko dute Kutxa Ekoguneak antolatzen dituen nekazaritza eta baratzezaintza ekologikoko ikastaro teoriko eta praktikoetan. Ikastaro hori egiten ez badu, pertsona horrek galdu egingo du partzela erabiltzeko lizentzia eta hutsik geratuko da plaza, eta hura beteko da itxaron zerrendaren ordena jarraituz.
2. Baratze kideak behartuta daude elkarte bat sortu eta bozeramaile bat izendatzera. Udaletxeko teknikariarekin harreman zuzena izango dute eta elkarlanean kezkak, arazoak, etab bideratuko dituzte. Elkarteak mantentze-lanen egutegi bat finkatu beharko du Baratza Parkeko beharrei elkar lanean aurre egiteko.
3. Baratzetara animaliak eramatea debekatuta dago.
Gainera, ezinbestekoa izango da:
- Azkoitiko udalerrian erroldatuta egotea.
- Esleipenerako deialdia argitaratu aurretik gutxienez HIRU URTE erroldatuta izatea.
- Zerga betebeharrak ordainduta izatea
- Familia-unitate bereko kideren bat ez izatea beste baratze ekologiko baten erabiltzaile
- Ez izatea nekazaritza-jarduerarako egokiak diren beste landa-lur baten jabe edo erabiltzeko eskubiderik.
- Ezgaitasun fisikoa dutenek bete beharrekoa: %33 a baino gehiagoko ezgaitasuna izatea eta mugikortasun baremoa A edo B izatea.
Proiektuaren helburu nagusia da herritarrei euren elikagaiak lortzeko aukera eskaintzea, beti ere irizpide ekologikoei jarraituz eta bertako produktuak sustatuz. Izan ere, baratze ekologikoak izango dira eta ezingo da erabili lurrari kalteak eragiten dizkioten ongarri eta fitosanitariorik.
Horrez gain, baratze horiek gizatalde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak bultzatzeko balioko dutelakoan da Udala, gazte eta helduak ingurunearekiko errespetuan hezteko ere bai eta aisialdi aktibo eta jasangarria bultzatzeko. Herritarren artean produktu lokala, garaian garaiko eta ekologikoen kontsumoa sustatzea ahalbideratuko dute eta nekazal kultura herriratzea, ingurune urbano eta landatarren arteko distantziak ezabatuz.
Kutxa Ekogunearekin elkarlanean jarriko da martxan baratze parkea. Hala eginda, Baratze Parkea Sareko kide izango dira baratze horiek, eta lursaila izateaz gain, nekazaritza ekologikoaren inguruko ikastaroak eta aholkularitza eta ikuskaritza ere izango dute. www.baratzeparkea.ekogunea.net webgunean hainbat zerbitzu izango dituzte erabiltzaileek: baratzezaintzari buruzko aholku praktikoak, ikastaroak, ekimenen agenda, argazki galeriak,... eta baita beste herrietako kideekin harremanak egiteko ere.
Bestalde, Baratze Parkea Sareko kideek foroan parte hartzeko aukera izango dute.
Interesa duten azkoitiar guztiek eskuratu ahalko dute lursaila, eta lursail kopurua baino eskari gehiago badago, zozketa bidez banatuko dira.
Gero eta gehiago dira Azkoitian barazkigintzan ari direnak, eta gero eta gehiago, aritu nahi dutenak. Hala jakinarazi die Udalari partaidetza prozesuetan,eta horri erantzunez, baratze parkea egiten hasi da Udala, Kutxa Ekogunearen laguntzaz. Gipuzkoako Baratze Parke Sarean parte hartuko duen 11garren herria izango da Azkoitia, estatu mailako baratze sare handiena ostauz; 842 erabiltzaile eta kontsumo propiorako diren lur-sail ekologikoen 44.000 m2 –ko hedadura dauka sareak. Azkoitian, guztira, 66 partzela egingo ditu Altamira auzoan (horietako bat ezindu fisikoentzat), bakoitza 40 metro koadrokoa, eta baratze horietan lanean ari direnen lanabesak gordetzeko etxola ere jarriko du. Baratze hauetakoren bat eskuratu nahi duenak maiatzaren 19tik ekainaren 3ra bitartean eman beharko du izena, udaletxeko harreran. Hemen duzue informazio osoa eta izena emateko aurkeztu beharreko dokumentua.