Nola joan da iragarkirako hautaketa prozesua?
Publizitate agentzia batetik deitu ninduten, aukera hau eskainiz, eta nire lana antzerkia izan arren, aukera polita iruditu zitzaidan, beste mundu bat edo lan mota bat ezagutzeko. Horrela onartu nuen.
Publizitatean lan egin duzun lehen aldia izan al da?
Bai, publizitatearen munduan egiten dudan nire lehen lana izan da. Nire inguruan dabiltzan aktore askok publizitatearekin lotutako lanak egin ohi dituzte, eta nik beti zeharka begiratu izan diot gai honi, norberaren irudia zertan edo norentzat jartzeak beti eman izan baitit zer pentsa. Kasu honetan, gaia edo eskaintza gustagarria egin zitzaidan, eta probatzea erabaki nuen.
Gustatu al zaizu esperientzia?
Bai, esperientzia polita izan da; jende jatorra ezagutu nuen eta lanbide honek eskaintzen duen beste bide bat probatu dut. Hala ere, esan beharra daukat nekeza egiten zaidala neure burua iragarkietan ikustea edo kalean norbaitek gaia aipatzea. Irratirako kuña bat ere egin dut publizitate honetan, baina astelehenero Info 7 irratian hitz egiten dudanez, neure burua entzutera ohitu naiz dagoeneko. Orain, ordea, ez dakit kalean nire argazkia ikustera ohituko ote naizen.
Lanerako orduan erregistro oso ezberdinak dira antzerkia eta publizitatea. Ondo moldatu al zara?
Bai,oso erregistro ezberdinak dira, eta jende aurrean duen ikusgarritasuna ere ezberdina da. Lotsati samarra naiz kontu hauetan. Hala ere, garbi dut nire lanbidea antzerkia dela edo hori dela egin nahi dudana.