I. Pelotai Eune, ekainaren 13an

Maxixatzen.eus 2015ko eka. 5a, 10:07

Aurrenekoz antolatu dute Pelotai Eune Azkoitiko bost gaztek, Oteiza elkartearen eta Udalaren babesarekin. Egun osoko egitarau zabala prestatu dute ekainaren 13rako; eguerdiko 12:00etan hasi, eta goizaldeko 6:00ak arte iraungo du festak. Pilota txapelketa antolatu dute, eta hamasei urtetik gorako edonork parte hartzeko aukera izango du. Partida guztiak Kontzejupen jokatuko dituzte. Txosna bat ere jarriko dute pilotalekuaren ondoan, txotxa eta guzti. 

Honako egitarau hau antolatu dute ekainaren 13rako. 12:00etan, Azkoitiko pilotari guztiak bilduko dira Balda plazan. Jarraian, kalejiran azkoitiko kaleetan zehar ibiliko dira, dultzaineroen laguntzaz. Ondoren, argazkia aterako dute egungo eta lehengo pilotari guztiek batera, eta segidan omenaldia egingo diete neska txapeldunei. 

13:00etan, pilota partida jokatuko dute Saralegi eta Kokak, Goenaga eta Andreuren aurka. 14:00etan, txapelketari hasiera emango diote, herriko pilotari guztien parte hartzearekin. 

18:30ean, beste partida bat jokatuko dute herriko afizionatu izandako herriko lau pilotarik: Etxaniz eta Egurrola, Etxetxo eta Kaxkaren aurka izango dira. 

19:30ean, txapelketari jarraipena emango diote, herriko pilotari guztien parte hartzearekin, eta 21:30ean, afaltzera joango dira pilotalekuan bildutako pilotari guztiak. Afaria Ikurriñaren plazan izango da, txotxarekin. 

00:30ean, txapelketarekin jarraituko dute, eta azkenik, 6:00etan txokolatada eta "kaleazka" partida herrikoia jokatuko dute. 

Kamisetak eta afarirako txartelak bost eurotan salgai jarriko dituzte hurrengo zapatuan, txosnan. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide