Jakoba Errekondok 'Bizi Baratzea' liburua aurkeztuko du

Maxixatzen.eus 2015ko eka. 2a, 11:56

Argazkia: argia.eus

Usurbildarrak baratzezaintzari buruzko jakintza bildu du Bizi Baratzea liburuan. Eskarmentu luzea du Jakoba Errekondo paisajistak landareen munduaren berri ematen Euskal Herriko hainbat hedabidetan. Ekainaren 4an izango da Elkargunean, 18:30ean, Oreka Bio elkarteak antolatuta.

Liburua atal labur askotan bananduta dago. Argibide orokorrak ematen dira hasierako zatian; ondoren, kapitulu bana eskaintzen zaio 30etik gora barazkiri. Bakoitza lantzeko lur mota eta sasoi egokiena, ur eta argi beharra, izurriteez babesteko moduak, aldamenean eduki behar dituen lagunak… Baratzean aritzeko behar den oinarrizko jakintza, 200 orrialde inguruan bildua. Hona hemen aurrerapentxo bat (pdf).

Eskarmentu luzea du Jakoba Errekondo paisajistak landareen munduaren berri ematen Euskal Herriko hainbat hedabidetan. Argiako orrialdeetan astero-astero dibulgazio lana egiten hogei urte daramatzan honetan, usurbildarrak baratzezaintzari buruzko jakintza bildu du Bizi Baratzea. Garaian Garaikoa Garaiz liburuan.

Nahitaezkoa zen obra hau, egilearen esanetan. Nahitaezkoa, baratzezaintzan falta zen ikuspuntu bat dakarrelako: Euskal Herriko –batez ere euskal isurialde atlantikoko– ezaugarri berezietara egokitutako liburua da Bizi Baratzea. Modu atsegin eta ulerterrazean, baratzearen abenturan murgiltzeko grina daukatenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenentzat ere.

Iturria: Argia.eus

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide