Saul Dibb zuzendariaren Suite francesa 2014. urtean Erresuma Batuan grabatutako pelikula da.
Lucie Angellier gerran preso duen senarraren inguruko berrien zain bizi da Frantziako herrixka batean. 1940. urtea da, eta lehenaz gain, amaginarreba kontrolatzailea jasan beharra dauka. Gudaren egunerokotasunetik aparte bizi dira biak ala biak, harik eta paristar errefuxiatu talde bat, okupaziotik ihesi, herrira heltzen den arte. Are gehiago, haien atzetik alemaniar soldadu erregimentu bat helduko da, eta herrikoen etxebizitzak hartuko dituzte etxe.
Lucie Angelliertarren etxean haiekin batera bizitzea egokitu zaion Bruno alemaniar ofizial dotore eta edukatua saihesten saiatuko da. Baina, pixkanaka, maitasun sendoa eratuko da bien artean eta kateatu egingo ditu errealitate gordinak amodio oro iluntzen duen aldian.
Filma ikusi nahi duten 12 urtetik gorakoek, honako egun eta orduan izango dute aukera Baztartxon: bihar, eta etzi 22:00tan, igandean 19:30ean, eta astelehenean ikuslearen egunean, 20:00etan.