TO! festa Herriko plazan, ekainaren 5ean

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 27a, 11:18

Argazkian: TO! festaren prentsaurrekoan.

Urolako Hezkidetza foroak antolatuta Tratu Onen festa izango da ekainaren 5ean Herriko plazan. Jaiaren bitartez ikasturtean zehar egindako lan guztia ospatu nahi dute.

 

Badira 6­7 bat urte Azkoitiko eta Azpeitiko udalen bultzadaz Hezkidetza lantzen hasi zenetik Urolako Hezkidetza foroa. Azken ikasturteotan bultzada nabarmena izan du programak, eragile mordoxka biltzea lortu du, eta egitasmo zehatz ugari jarri dituzte martxan.

Tratu Onen festaren bitartez, ikasturtean zehar egindako lan guztia ospatu nahi dute, "hain urrats sendo eta garrantzitsuak" eman dituzten ikasturtea borobildu asmoz. Aurten urrats "nabarmenak" eman dituzte Hezkidetza mailan, eta horiek plazara ekarri nahi dituzte, herritarrekin konpartitzeko. Ikasturtean zehar landu dituzten egitasmo nagusiak honako hauek dira: 

• Jolas Denbora egitasmoa eta jolas­espazioen proiektua.

• Indarkeriaren kontrako protokoloa eskoletan.

• Autoantolaketa taldeen lana. Aurten 4 talde aritu dira.

• Hezkidetza planak garatzen ari gara eskoletan eta gazteria ataletan.

• Aurten Azkoitian berrabiatu dugu egitasmoa eta Zestoa ere batu zaigu.

• Beste hamaika lan eta egitasmo txiki garatu ditugu elkarlanean (formazio saioak...).

• Plax! Sexu aholkularitza sendotu eta zabaldu.

Elkarren zaintza klabea dela azaldu dute arduradunek, modu osasuntsu batean bizi ahal izateko. Gero eta nabarmenagoa da "albokoen beharra" daukagula, beraiekin ditugun harremanek "aberasten gaituztela" eta "elkarren beharrak asetzeko" aldamenekoek garrantzi handia dutela.

Tratu Onetan entrenatu beharra daukagula diote arduradunek, eta asmo horrekin dator TO!festa. Horrela, Tratu Onen bigarren festa hau Tratu Onak eta Zaintzak praktikara ekartzeko aukera izateko baliatu nahi dute. Hezkidetza Planaren erakusgarri izango den programa antolatu dute, eta, era berean, herritarren ekarpenak jasotzeko TO! azoka espazioa ireki dute. Azokan, herritarrei aukera eman nahi diete ingurukoak zaintzeko ditugun jakintzak eta esperientziak herritarrei muxutruk eskaintzeko. Horretarako, gune erdi itxi batzuk jarriko dituzte plazan, eta hainbat zaintza modu eskainiko dituzte: sendabelarrak, naturopata kontsultak, reiki, masajea, psikologia zerbitzua eta abar.

TO! azoka honetan eskaintza egiteko aurrez izena eman beharra dago. Ekainaren 1a baino lehen egin behar da, eta bi bide daude horretarako. Mezu bat bidali azpeitianplax@gmail.com helbidera edo deitu 654811473 zenbakira. 

TO! azokaz gainera, hainbat ekintza antolatu dituzte ekainaren 5erako. 16:00retan umeentzako tailerrak izango dira: jolas kooperatiboak, ipuin kontalariak eta abar; Tratu Onen aldeko mural erraldoia egingo dute; Tratu Onen inguruko TOpaketak egingo dituzte, elkarren beharrak adierazi eta elkar ulertzeko urratsak emateko;  Zarautzeko Tiktara taldearen kontzertua 18:30ean; Flashmobe-a ikastetxeetako ikasle taldeekin eta, bukatzeko, DJak izango dira. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide