Nork erakutsi zizun saskibaloian?
Lehenengo urratsak Ikaskirolen eman nituen. Ondoren, Iraurgikoak eskolara etorri ziren beraiekin entrenatzera joan nahi ote genuen galdezka; nik baietz esan nien, eta egun hartatik gaur arte gustura nabil bertan. Guztiek erakutsi didate zerbait, eta horrekin geratzen naiz.
LF2ra igotzeko zorian zaudete.
Hitz potoloak dira, eta badakigu oso zaila izango dela igotzea, baina horretarako jokatu egin behar da. Denboraldi hasieran, ez genuen pentsatzen orain gauden tokian egongo ginenik, eta iritsi gara. Guretzat Lauko finala irabaztea sari bat zen, eta orain disfrutatzea egokitzen da. Argi daukagu dena ematera aterako garela, eta arerioei gauzak zail jartzen saiatuko garela.
Nola baloratuko zenuke taldeak egindako denboraldia?
Bikaina. Lehenengo nazional mailan jokatzen laugarren urtea dugu, eta ez gara inoiz igoera fasetik hain gertu egon. Liga erregularrean 22 partidu irabazi eta lau galdu ditugu. Lortu duguna handia da; ez da batere erraza emakumezkoen bigarren mailara igotzeko fasean sailkatzea. Orain mailaz igotzea eta bertan mantendu ahal izatea, guretzat amets bat da.
Nola izango da asteburuko igoera fasea?
Lau talde gaude sailkatuta, eta talde guztien aurka jokatuko dugu hiru egunetan jarraian. Urduri baino gehiago gogotsu gaude. Oso asteburu gogorra izango da, eta gure helburu nagusia disfrutatzea eta lehiatzea izango da, hortik aurrera ikusiko dugu zer gertatzen den. Argi daukagu kantxan dena emango dugula eta orain arte egin dugun bezala, ez dugula etsiko azken minutura arte.
Zer da saskibaloia zuretzat? Inoiz pentsatu al duzu saskibaloia uztea?
Nire pasio handiena dela esango nuke, egunero oso presente daramadan gaia da. Hura uztea inoiz ez dut inoiz pentsatu ere egin.
Ba al daukazu saskibaloian zuretzat eredugarria zen norbait?
Ez nuke izen bat esango. Nire taldekideak dira eredugarri, eta gehiena beraiengandik ikasten dut.
Nolako harremana daukazu zure taldekideekin?
Oso ona; bai kantxan, baita kantxatik kanpo ere. Familia txiki bat osatzen dugu. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta planak ez dira inoiz faltatzen, beti daukagu zerbait egiteko.
Erraza al da ikasketak eta kirola uztartzea?
Egia esan, ez dut inoiz arazorik izan. Haur Hezkuntzako ikasketak iaz amaitu nituen eta ekainean Heziketa Bereziko gradua bukatuko dut. Benetan gustatzen bazaizu eta prest bazaude, guztia antolatu dezakezula iruditzen zait.
Eta parranda eta kirola?
Parranda egitea ederra da, baina konpromisoa duzunean badakizu zer daukazun; guztia egiteko denbora ematen du.
Nolako egoera bizi du emakumezkoen saskibaloiak?
Geroz eta indar gehiago hartzen ari da, baina oraindik lan handia dago egiteko, borrokan jarraitu beharra daukagu. Hala ere, geroz eta babes handiagoa daukagula sentitzen dut. Gainera, denboraldi honetan bereziki Iraurgiko emakumezkoen taldeak ikaragarrizko emaitzak lortzen ari dira: infantilak, Gipuzkoako txapeldun; Kadeteak, Euskadiko txapeldun; Juniorrak, Euskadiko txapeldun; eta seniorrak, LF2ra igotzetik oso gertu. Beraz, lanean jarraituz gero, egoera hobea lortuko dugula ziur nago.
Jende asko joaten al da zuen partidak ikustera? Eta zure partida guztiak ikustera joaten al da norbait?
Betiko jendetxoa joaten da, eta ez dute hutsik egiten. Asteburuero hor daude guri babesa emateko eta animatzeko, eta hori eskertzekoa da benetan.
Ama, aita eta anaia ahal duten guztietan joaten dira, eta beraien babesa beti izaten dut. Taldekoen familiakoak eta lagunak ere beti hurbiltzen dira.
Lesio asko izan al dituzue taldean denboraldian zehar?
Orain arteko denboraldirik zailena izan da lesioei dagokionez. Denboraldi hasieran hiru jokalari garrantzitsu lesionatu zitzaizkigun denboraldi guztirako, eta golpe gogorra izan zen taldearentzat. Hala ere, haiei indarra emateko asmoz eta garaipenak beraiei eskaintzeko asmoz, lanean jarraitu dugu burua makurtu gabe.
Urduri egoten al zara partidak jokatu aurretik?
Beti izaten dut urduritasun puntu hori, partidu batzuetan besteetan baino gehiago, baina beti. Urduritasun puntu hori ez banu izango, ez nuen saskibaloian jokatzen jarraituko.
Ba al daukazu maniarik?
Hasierako bostekoan kantxara irteterakoan, azkena izatea gustatzen zait.
Asko zaintzen al duzu gorputza?
Astean hiru entrenamendu eta partida bat izaten ditugu. Ez dut aparteko ezer egiten gorputza zaintzeko, baina egunero gustatzen zait saskibaloia ez bada beste kirolen bat egitea.
Nolako taldea osatzen duzue? Zein da sekretua hain emaitza onak lortzeko?
Taldea seniorrena izan arren, juniorrek asko laguntzen digute egunerokotasunean, entrenamendu nahiz partiduetan, eta hori goraipatu nahiko nuke. Gure berezitasunik handiena abiadura da; korrika egitea eta kontraerasoan ateratzea gustatzen zaigu, abantailak lortzeko eta saskiratze errazagoak egiteko.
Emaitza onak lortzearen sekretua ez da egun batetik bestera lortzen, denbora asko daramagu kirol honetan, eta egindako lanak bere emaitzak dakartza, lehenago edo beranduago.
Zer da orain arte saskibaloiak eman dizun politena?
Alde batetik lagunak, eta bestetik, orain gutxi Lauko finala irabazi eta LF2rako igoera fasean jokatzeko aukera lortu izana.
Nola ospatu zenuten finalerako sailkapena? Mailaz igotzea lortzen baduzue, zer egingo duzue?
Hunkigarria izan zen partida amaitu eta taldekide guztiok ametsa lortu genuela ohartu ginenean, guretzat ametsa baitzen lortutakoa. Guztion artean besarkadak eta eskerrak izan ziren, dutxara ere guztiok batera sartu ginen, eta eguna bazkari batekin amaitu genuen. Baina denetan politena, polikiroldegira hainbeste jende hurbildu izana.
Momentuz, ez gaude igoeran pentsatzen, disfrutatzera eta lehiatzera joango gara. Igotzen bagara, kontatuko dizuet nola ospatuko dugun [barrez].