Lokalak erabiltzeko arautegia musika taldeetako ordezkariek eta Udalak elkarrekin adostu dute.
Herriko musika taldeek osatutako Azkoitiko Musikeruen elkartea izango da lokalen kudeaketaz arduratuko dena bere egunerokoan. Funtzionamenduari jarraipena egiteko, berriz, batzorde bat izango da. Batzorde hori elkarteko kide batek, musika taldeetako kideek, udal teknikariak eta Elkarguneko teknikariak osatuko dute, eta bi urtean behin bilduko dira.
Lokalak erabili ahal izateko bete beharreko baldintzak hamasei urte baino gehiago izatea eta musika taldeko erdiak azkoitiarrak izatea dira. Lokalak astelehenetik igandera, 09:00etatik 01:00era egongo dira zabalik, eta haiek erabili nahi dituenak Udaleko kultura sailean eman beharko du izena (Udaletxeko laugarren solairuan edo 943 85 71 70 zenbakira deituz).
Zehazki, hiru lokal prestatu ditu Udalak Musikagunean herriko taldeek entseatu ahal izateko. Banda eta Musika eskolaren gune berean daude lokalak, baina sartzeko eta irteteko ate propioa dute, erabilera independentea izateko.
Hiru hankak martxan izanda, Musikagunearen berezko izaera lantzen hasteko moduan dira Azkoitiko musikariak. Azpiegituraz haratago, talde ezberdinen arteko elkarlana eta sinergiak uztartzea du helburu Musikaguneak.