Joseba Agirre bertsolari azkoitiarra Gipuzkoako txapelketako sailkapen fasean

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 7a, 10:45

Oiartzungo Udal areto nagusian du hitzordua, datorren igandean 11:30ean. Bigarren aldiz hartuko du parte Agirrek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean.

Joseba Agirre Orbegozo azkoitiarrak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean hartuko du parte, Gipuzkoa Bertsotan izeneko lehian.

2011n ere  hartu zuen parte, eta gustura geratu zen egindako lanarekin. Oraingoan ere, “helburu bakarra bertsotan gozatzea eta isilik ez geratzea" dela esan digu.

Hernanin bizi da azken urteotan Agirre, eta hango bertso-lagunekin entrenatzen duela esan digu, "nahi baino gutxiago", lan kontuak direla eta.

Egunotan Errumanian dabil lanean, eta "iganderako itzultzeko arazoak" izango dituela  ere jakinarazi digu, azken orduko lan batzuk direla eta.

Larunbatean Astigarragako Kultur Etxean jokatuko diren bi saioek emango diote hasiera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseari. 74 bertsolarik hartuko dute parte Gipuzkoa Bertsotan saio sortan, horietako bi azkoitiarrak: Joseba Agirre eta Eneritz Artetxe.   

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide