Pako Aristi eta Andoni Egañak idatzi dute agerraldiko testua, eta hona hemen osorik:
ETB2-AN EUSKALDUNAK EUSKARAZ
(edo) ETB2-AN EUSKALDUNAK EUSKARAZ EGITEAREN ALDE
EITBko zuzendaritzari igortzen diogu gutun hau, ETB2 kateko albistegietan bereziki, eta orohar era guztietako programetan euskal hiztunei ematen zaien tratuarekin kezkaturik gaudelako. Bertan egunero behartzen dituzte euskaldunak, protagonista ospetsuak berdin jende anonimoa, gaztelaniaz hitz egitera, eta horrek bi ondorio larri eragiten ditu. Batetik desitxuratzen du Euskal Herriaren mapa linguistikoa, euskararen arnasgune diren herrietan gaztelania entzutea normala balitz bezala agertuz, inguru ez hain euskaldunetan euskara dakienari edo ikasi duenari bere dohaina agertzea debekatzeaz batera; eta bestetik ETBren sorreran zegoen helburu nagusietakoa boikoteatzen du, hots, euskararen normalizazioa, erdarazko albistegietan euskal hiztunak desagertzen diren neurrian.
Anormal bilakatzen du euskal kate publikoan euskaraz hitz egiten agertzea, eta hau onartezina da gure egungo egoeran. Ondorio hauei gaineratu behar zaie euskal hiztunek senti dezaketen biolentzia linguistikoa, egunerokoa duten hizkuntza aldatzea exijitzen zaienean. Hain zuzen, espainolera behartutako euskaldun askori sumatzen zaio zer lan ematen dion hizkuntza horrek; sumatzen zaie ez dutela aspaldi espainolik erabili; euskaraz zenbat dotoreago egingo luketen euren jarduna!
Lea-Artibai eta Urola-Kosta dira euskararen arnasgune horietakoak Euskal Herrian. Biak ala biak dira euskararen ezagutzan eta erabileran %80 inguruko portzentaiak erakusten dituztenak. Ia bizitza osoa euskaraz gertatzen den herrietako biztanleak ETB2n gaztelaniaz agertzea anakronismo bat da, euskararen normalizaziorako tesi guztiak suntsitzen dituena. Hain zuzen ere, euskara gero eta gehiago entzutea litzateke normalizazioaren garapena, eta ez aurkakoa. Euskararen paisaia erreala agertzea pantailan, ez kamustua, euskal hiztunak erdal hizkuntzan mintzatzera behartuta.
Detektatu dugu, baita ere, euskaraz soilik hitz egiteko apustua egin duen hainbat kirolari gero eta gutxiago agertzen dela ETB2an, edo bat ere ez. Eskubide linguistikoak ukatzeaz aparte, kirolari hauen ospe eta promozio eskubideak ere errotik suntsituak dira. Gertatu da, baita ere, kamerak hiritar anonimoengana joan, eta hauek euskaraz soilik egingo dutela esandakoan, kazetariak bertan behera uztea erreportaiko galdera, beste protagonista baten bila jotzeko, erdaraz egiteko prest legokeena. Ez dugu nahi bazterketarik eta zentsurarik ETB2an. Denon diruarekin ordainduriko hedabide publikoak ezin du inor marjinatu aukeratu duen hizkuntza dela medio.
Honegatik guztiagatik eskaera hau zuzendu nahi dizuegu: EITBko zuzendaritzak agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelera hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezala agindua betetzen den edo ez, kamerak kalera ateratzen dituzten aldioro zorrotz begiratu eta errespetatu behar duten araua bihurtzeraino. Gaur egun bitarteko tekniko egokiak daude horretarako: euskaldun horien hitzak azpituluekin joan daitezke, esate baterako. Denborarekin azken hauek ere desagertzen joan beharko lukete, horrela euskarak gozatu ditzan erdaldunen belarriak. Modu honetan soilik ulertuko dute hauek, erdaldunek, euskarak bere herrian daukan presentzia, pisua eta normalizatzeko grina.
Eskaera honen abiapuntua Lea-Artibai eta Urola-Kostako arnasguneak izan dira, beroietan oso nabarmena delako euskal hiztunak erdaraz hitz egiten entzutearen artifialtasuna, baina erabaki hau Euskal Herri osora zabaltzea izango litzateke xedea, estrategia komunikatibo berri hau ezartzea gure lurraldearen Ipar eta Hego, Ekialde eta Mendebalde, hutsunerik utzi gabe hizkuntzaren hedadura osoan.
Euskal Herrian gero eta jende gehiagok daki euskaraz, Eusko Jaurlaritzako inkestek dioten bezala, eta zabalkunde progresibo horren ispilu izan behar du Euskal Telebista publikoak. Kazetaritzaren objektibotasun legeak beteko lituzke hortara, eta hauspoa eman euskararen hazkundeari.
Euskara ETB2an gero eta gehiago entzuteak hizkuntzaren normalizazioari egingo liokeen mesedea ez dago imajinatzerik ere! Ikusgarritasuna emango lioke, entzungarritasuna, bizitasuna, gure herriaren oinarri, osagai eta funtsa dela agertuko luke ikusle guztien begietara. Gure herri guztietan dagoela euskara entzutea.
Bestalde, euskara, adibidez Tutera, Barakaldo, Zangotza edo Karrantzako jende xumearen ahotan entzuteak saltoka jartzen ditu euskaldunen bihotzak, eta gehiegi ulertzen ez dutenek ere bere presentzia normaltasun guztiarekin hartzeko parada ezin hobea izango lukete.
Beti ere euskararen normalizazioa jomugan izanda, erabaki ausartagoen eta anbiziotsuagoen unea iritsi dela uste dugu, eta hori bermatzeko bildu gara gaur hemen guztiok, horren alde eman dugu denok gure sinadura, gure eskaerak apatiaren desertuan desegingo ez direlakoan.
Eskaera hau euskal herritar guztiei zabaldu nahi diegu, telebistako kamera bat hurbiltzen zaienean euskara erabiliko duten subjektu linguistiko bihur daitezen, bere gain har dezaten hitzaren ardura. Horrela soilik, denok elkar errespetatuz eta euskararen aldeko pausoak emanez, beteko da bertsolari txapeldun batek kantatu zuen esaldi ederra: ´Herri haur sortzen segi dezagun / euskaratik eta euskaraz´.