Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide berri bati sarrera ekitaldia egingo diote

Maxixatzen.eus 2015ko api. 8a, 19:00

Argazkia: Luberri.net

Frantzisko Xabier Albistur Marin Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lagun berriaren sarrera ekitaldia ospatuko dute apirilaren 18an Intsausti Jauregian. Domina eta diploma emango dizkiote, eta ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Juan Bautista Mendizabal Juaristi EAEko Gipuzkoako presidenteak eta Xoxe Estevez Rodriguez EAEko Adiskide numerarioak.

 

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta bukaeran nahi dutenentzat Intsausti Jauregiaren bisita gidatua eskainiko dute. Ondoren, 14:00etan, adiskideen arteko bazkaria izango da Azkoitiko XVI. mendeko Mudejar Jauregian kokatutako Joseba Jatetxean. Parte hartu nahi dutenek apirilaren 15a baino lehen izena eman beharko dute 649124820 telefonora deituta edo comision@bascongada.e.telefonica.net helbidera mezua bidalita. Menuaren prezioa 25 eurokoa da.

Frantzisko Xabier Albistur Marin 1944an jaio zen Donezteben (Nafarroa), eta gaur egun Donostian bizi da. Quitoko Unibertsitate Katoliko eta Madrilgo Unibertsitate Konplutensean Filosofia eta Letretan lizentziatua da, Bartzelonako Marketing eta Administraziorako Goi-ikastegian Enpresen zuzendaritza eta marketing-ean masterduna, besteak beste. Lan munduan, hainbat jardueraren artean, Lankide Aurrezkiaren Ekonomia ikasketetarako sailaren zuzendaria, Gipuzkoako Marketing Bazkunaren lehendakaria, Eusko Jaurlaritzaren Enplegurako sailburuordea, SPRI Euskadiko industri birmoldaketa eta sustapenerako Elkartearen kontseilukide, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia eta Ogasun arloko diputatua, Gipuzkoako Aurrezki-Kutxaren lehendakaria da.

 

 

 

 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide