Emakumeak ahalduntzeko ikastaroetan izena emateko epea ireki dute

Maxixatzen.eus 2015ko api. 7a, 12:19

Udaletxeko Berdintasun sailak emakumeak norbere garapena lantzeko ikastaroak antolatu ditu. Egitasmoaren helburua da "emakumeak eskubideez dituzten balioen kontzientzia hartzea eta gauzatzea". 

Guztira, zortzi saio izango dira, eta guztiak gazteleraz. Egunak apirilak 15, 22, 29, maiatzak 6, 13, 20, 27 eta ekainak 3 izango dira. Ikastaroen ordutegia 15:00etatik 17:00etara izango da, asteazkenetan.

 

Nortasuna eraikitzeko erabili beharreko zutaberik garrantzitsuena autoestimua dela ikusi da. Autoestimu handia izateak onura asko dakartza, besteak beste, osasun fisiko eta psikologikoa, segurtasuna, nork bere baliabideetan konfiantza izatea, baikortasuna, e.a. Tailerrean kontzeptu zabalago batetik hasiko dira autoestimua lantzen, ahalduntzearen ideia hobeto ulertzeko: garatze eta finkatze prozesua, autonomia eta autogestiorako gaitasuna, nork bere bizitzaren ardura hartzea eta bizitzaren protagonistak garela sentitzea.

Adin guztietako emakumeei zuzenduta daude ikastaroak, eta genero ikuspegiaren eta berdintasunaren arloko Pepa Bojo adituak eskainiko ditu saioak. Ikastaroen prezioa 24 eurokoa da langileentzat eta 16 eurokoa langabetuentzat. Izena udaletxeko Berdintasun sailean eman behar da. 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide